BILBO. Uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gauzatu direnen artean berezienak izango dira, koronabirusak eragindako egoera dela eta. Segurtasun-neurri zorrotzak bete behar izango dira, eta horregatik Bilboko Udalak aldez aurretik hainbat neurri hartzea erabaki du. Esate baterako, 12 hautesleku berri jarri egingo dira urian zehar, botoa emateko eskubidea duten 273.007 pertsonak hauteslekuetara jende pilaketa handirik gabe joan ahal izateko. Mahai kopurua berdina izango da, baina hainbat lekutan banatuta.

HAUTESLEKU BERRIAK

Hauteskunde-guneak zabaltzeak esan nahi du Bilboko hautesleen %16k ohiko hauteslekua ez den beste ikastetxe batean bozkatuko dutela, eta %43k, berriz, instalazio berberetan, baina ohikoak ez diren ikasgela edo eraikinetan.

Hori dela eta, Udalak herritarrei zentsu-txartela arretaz kontsultatzeko eskatzen die. Txartel hori etxeetara bidaltzen da, oraingo honetan zein hautesleku esleitu zaion jakinarazteko.

Gainera, errolda-informazio hori emateko eta bozketa-egunean nahasterik ez izateko, Udalak online tresna berri bat jarri du geobilbao.eus udal-webgunean. Tresna horrek, modu errazean, herritar bakoitzari botoa emateko zein hautesleku dagokion kontsultatzeko aukera ematen du.

OSASUN-SEGURTASUNEKO NEURRIAK

Mahaia osatzen duten pertsonek - presidentea eta bi bokalak -, artekariek eta administrazioko ordezkariek osasun-kit bat izango dute:

  • 3 maskara kirurgiko mahaiko kide bakoitzarentzat, artekariak eta administrazioko ordezkariak barne, egunean zehar erabiltzeko.
  • FFP2 maskara bat eta eskularru pare bat mahaiko kide bakoitzarentzat, zenbaketan erabiltzeko.
  • 2 poltsa hermetiko, aurreko osasun-materiala biltzeko, eta beste zabor-poltsa bat, poltsa hermetiko horiek uzteko.
  • Poto bat gel hidroalkoholiko.

Mahaiko kide bakoitzaren eta artekarien aulkiak gutxienez 1,5 metrora kokatuko dira. Mahai bat baino gehiago dagoen geletan, gutxienez bi metroko tartea utziko da.

Hauteskunde-gelan segurtasun-distantziako markekin seinaleztatuko da zorua, eta barrura sartzeko modua kontrolatuko da.

HAUTESKUNDE EGUNEAN ZEHAR

  • Maskara nahitaez erabili beharko da hauteslekuaren barruan.
  • Instalazioetako sarreran eta beharrezkotzat jotzen diren zentroetako beste toki batzuetan gel hidroalkoholikoa hornituko da.
  • Gurutze Gorriak hauteskunde-kolegiorako sarbidea kontrolatzen lagunduko du, jende-pilaketak saihesteko, hautesleen itxaronaldia kudeatzeko eta, horrez gain, adinekoei edo mugitzeko arazoak dituztenei hauteslekuetara sartzeko lehentasuna emateaz arduratuko da.Adinekoei edo mugitzeko arazoak dituztenei emango zaie hauteslekuetara sartzeko lehentasuna.
  • Igarotze-noranzkoak ezarriko dira instalazioen barruan, sartzeko eta irteteko.
  • Goragoko solairu batera sartzea beharrezkoa den hauteslekuetan pertsona bat egongo da igogailua kudeatzeko soilik. Barruan pertsona bakarra igo ahal izango da, eta mugikortasun murriztua duten pertsonek soilik erabili ahal izango dute.
  • Hauteskunde-materiala eta erabiltzeko elementu komunak (heldulekuak, ateko heldulekuak) aldizka garbitu eta desinfektatuko dira bozketa-egunean zehar, bai eta egun osoan hauteskunde-mahaiaren zerbitzura egongo diren langileei soilik eskainitako bainugelak ere. Era berean, guneak garbitu eta desinfektatuko dira jardunaren aurretik eta ondoren.
  • Edukiontziak jarriko dira zentroaren sarreran eta irteeran, mota desberdinetako hondakinak botatzeko.
  • Seinaleak egongo dira mahai eta kokapenetarako, bai eta osasun-gomendioak eta zentrotik igarotzekoak ere.