BILBO. Atzo, hilak 8, astelehena, Euskadi hirugarren fasean sartzearekin batera, Bilboko Plaza Biribileko turismo-bulegoak bere ateak ireki zituen berriro. Turismo-bulegoa 09:00etatik 17:00etara egongo da irekita asteko zazpi egunetan.

Gaur egungo osasun-egoera dela eta, kontsulta-modalitate ezberdinetara egokituko dira jendeari arreta emateko bulegoetan. Turismo-informazioa telematikoki emateko zerbitzua sendotuko da, eta telefono (944 795 760) bidezko arreta-zerbitzua luzatuko da, 09:00etatik 19:00etara.

Era berean, informazioa Whatsapp (608 203 899) bidez jasotzeko aukera emango da, bai eta liburuxka digitalak lortzeko ere, bide horretatik edo posta elektronikoz. Horrez gain, erabiltzaileek gehien eskatzen dituzten liburuxkak deskargatu ahal izango dira QR kodeen bitartez.

Hainbat segurtasun-neurri ezarri dira langileen zein erabiltzaileen osasun-segurtasuna zaintzeko. Beharrezkoa izango da maskarak jartzea, eta erabiltzaileek gel hidroalkoholikoko banagailuak izango dituzte sarreran, besteak beste. Bestalde, pertsonen-kopurua mugatuko da, pilaketak saihesteko. Segurtasun-neurri guztiak ondo ikusteko moduan egongo dira jasota bulegoen kanpoaldean.

HILERRIAK OHIKO ORDUTEGIA BERRESKURATUKO DU

Beste alde batetik, Bilboko Udal Hilerria, Bizkaiko hiriburuko hilerri nagusia, bihar itzuliko da, ekainak 10, betiko ordutegira: 8:00etatik 20:00etara, bisitetarako.

Deustukoa, ostera, dagoeneko betiko ordutegiarekin dabil, bi aste ezkeroztik: 08:00etatik 15:00etara.

Horrela, bada, Bilbao Zerbitzuak entitateak, zeina Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailaren mendekoa baita, erabiltzaileei eta bisitariei jakitera ematen die ezen Bilboko udal-hilerriak ohikotasunera itzuli direla, baina agintariek agindutako segurtasun neurriak bete behar direla uneoro, han ere.

Gogorarazi behar da ehorzketen eta errausketen zerbitzuak goizez bakarrik dabiltzala.