BILBO. Koronabirusaren krisialdiak mundu osoa isolatu egin du denbora luzez, era guztietako kalte handiak eraginda. Oso garrantzitsua da den-denak batera egitea kalte horiek gutxiarazteko. Horregatik, Bilbok Seulek antolatutako 2CAC Global Summit 2020 gailurrean hartuko du parte aste honetan zehar. Batzarrak telematikoki egingo dira.

'Elkarrekin gaude' izenburu orokorrarekin, helburu nagusia da koronabirusaren ondorioz azken hileotan ikasitakoa erakustea eta hirien sare bat sortzea pandemien kontra.

Ekitaldirik garrantzitsuena gaur izango da: alkateen nazioarteko gailurra egingo da. Hogei hirik parte hartuko dute, adituez eta zientzialariez gain. Parte-hartzaileek esperientziak trukatuko dituzte, aurrerantzean sor daitezkeen gaixotasunei behar den moduan aurre egin ahal izateko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak bilera birtual honetan parte hartuko du, hirian martxan jarri diren eta datozen hilabeteetan martxan jarriko diren neurriak azaltzeko. Eztabaidan beste hainbat alkate izango dira: Kuala Lumpur-ekoa, Dato' Nor Hisham A. Dahlan; Montrealekoa, Valerie Plante; Ankarakoa, Mansur Yava?; Ulaanbaatar-ekoa, Amarsaikhan Sainbuyan; Tel Avivekoa, Ron Huldai; Freetown-ekoa, Yvonne Aki-Sawyerr; Colombo-koa, Rosy Senanayake; Tashkent-ekoa, Jakhongir Artikhodjayev; Lima-koa, Jorge Muñoz Wells; Budapestekoa, Erzsebet Gy. Nemeth; Guayaquil-ekoa, Cynthia Viteri; OfKyiv-ekoa, Vitaliy Klitschko; Istanbulekoa, Ekrem Imamoglu, eta Atenas, Delhi eta Hanoi-ko ordezkariak, besteak beste.

ELKARTASUN GLOBALA ETA LANKIDETZA

Modu berean, Sadiq Khan Londreseko alkateak, Sergei Sobyanin Moskuko alkateak, Larry Hogan Maryland-eko gobernadoreak, Anies Baswedan Jakartako gobernadoreak eta Park Wonsoon Seuleko alkateak (gailurraren antolatzaileak) parte hartuko dute.

Topaketa honetako klabeetako bat, antolatzaileen arabera, honelako momentu kritikoetan elkartasun globala eta lankidetza lehenestea da. Horregatik, astean zehar, gaurko alkateen nazioarteko gailurreko esperientzia-trukaketaz gain, mundu osoko adituen parte-hartzea izango dugu, bakoitzak COVID-19az dakiena konpartitzeko eta etorkizunerako erantzute-neurriak azaltzeko. Informazio hori tresna birtualekin argitaratuko da, mundu osoan eskuratu eta ikusi ahal izateko moduan. Eztabaida akademikoak sustatu gura dira, COVID-19aren osteko aroa aurreikusteko. Baina ez soilik gaixotasunari dagokionez, baizik eta hezkuntzaren eta ingurumenaren ikuspegitik. Larrialdietan hornigai medikoak trukatzea eta hornitzea, osasun-krisiei buruzko jakintza sortzea...

Gogoratuko duzuenez, Bilbok eta Seulek harreman estua daukate 2018az geroztik, urte hartan bi agintariek akordio bat sinatu baitzuten, Seuleko alkateak egin zigun bisitaldian, GSEF 2018 Ekonomia Sozialeko Foro Globala gure hirian egin zenean. GSEF sareko Europako presidenteordea Bilbo da, eta sareko presidentea, Seuleko alkatea.