BILBO. Ia bi hilabetez itxita egon ostean, Bilboko zazi udal-merkatuetako negozio guztiek euren ateak ireki dituzte berriro euren kalitatezko produktuak herritarrei eskaini ahal izateko.

Erriberako, Zabalguneko, Deustuko, San Inazioko, Otxarkoagako, Traukoko eta Labayruko merkatuetako saltzaileek, ahalegin handia eginda eta elkartuta, inoiz baino gehiago, udal merkatuetako kontsumoa tokiko erosketa saskia osatzeko aukera onena dela adierazi dute, gertu dagoen kolektibo profesionalaren eskutik.

Yolanda Díez Osasun eta Kontsumo zinegotziak gogorarazi duenez, "Bilboko udal merkatuak funtzionamenduaren eta horniduraren bermearen sinonimo dira. Une oro bezeroengandik gertu, hurbiltasuna eta profesionaltasuna galdu barik".

Era berean, merkatuek egungo egoerara modu honetan egokituta dauden ordutegi aktiboak dituztela esan behar da:

  • Erriberako merkatua, 8:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera
  • Zabalguneko merkatua, 8:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera
  • Deustuko merkatua, 8:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera
  • Otxarkoagako merkatua, 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera
  • San Inazioko merkatua, 8:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera
  • Traukoko merkatua, 8:00etatik 14: 00etara eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera; eta larunbatetan, 08:00etatik 14:00etara.
  • Labayruko merkatua, 09:00etatik 15:00etara, astelehenetik larunbatera.

Bestalde, Merkatarien Elkarteak telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat aktibatu ditu eskariak jasotzeko: mercadolaribera@gmail.com eta 944 072 031.

Horrela, erabiltzaileek euren haragi (txahal, bildots, txerri), hegazti, arrain eta itsaski, fruta eta barazki, ozpinetako, kontserba, ketu eta gazitu eta okindegi eskariak egin ahal izango dituzte bide horiek erabilita. 14:00ak baino lehen jasotzen diren eskariak hurrengo egunean arratsaldean banatuko dira, etxebizitza bakoitzaren atarian. Bidalketa doakoa izango da merkatuko bezeroentzat, eta Bilbora eta Etxebarrira eramango dira; beste leku batzuetarako, kontsultatu.

Eskariak Erriberako Merkatuko Merkatarien Elkarteari egin beharko zaizkio eta elkartea arduratuko da eskaria bere bazkideen artean banatzeaz. Eskari bat postu jakin bati egin gura bazaio, elkarteak postu horrekin zuzenean harremanetan jartzeko gomendioa egiten du.

Modu berean, Otxarkoagako Merkatuak erosketak etxera eramateko doako zerbitzua eskainiko du, hurbiltzeko arazoak dituzten edo arrisku egoeran dauden pertsona guztientzat. Merkatuak eskerrak eman gura dizkie CD Otxartabe eta Tendel, auzoari ematen dioten zerbitzu horrengatik.

Bilbao Zerbitzuak-ek ahaleginak egiten ditu goi mailako segurtasun-estandarrei eusteko, udal merkatuetako langileak eta erabiltzaileak babesteko. Horregatik jarri du martxan merkatuen ezaugarriei eta erabileren intentsitateari erantzuten dien protokolo osoa. Protokolo horrek, neurri askotan islatzen diren jarduera eta prebentzio prozedurak ditu.