BILBO. Bilboko 8 barrutietako udaltegietan dauden 2.800 ikasleek euren etxetik jarraitu ahal izango dituzte haientzat koronabirusaren aurretik prestatuta zeuden 86 tailerrak. Aldez aurretik prestatutako programazioa hainbat plataforma onlinen bitartez jarraitu ahal izango dute.

Irakasleak ohiko eskola-orduetan konektatuko dira ikasleen zalantzak argitu eta ariketak egiten jarraitzeko, ikasgelan baleude bezalaxe, eta horretarako, online plataformez baliatuko dira: Meet, Zoom, Discord, Skype edo taldeko Whatsapp, besteak beste. Gainera, kultur tailerren kasuan, irakasleek bideo teorikoak eta praktikoak prestatu eta landuko dituzte, berariaz sortutako webgune batean sartzeko (http://www.talleresculturalesbilbao.com), eta ikasleak erabiltzailearekin eta pasahitzarekin sartu ahal izango dira webgune horretara.

Ikasle bakoitzak dagokion irakasleari bidali ahal izango dizkio egindako ariketak, bien artean aldez aurretik ezarritako kanalaren bitartez, ariketak zuzendu eta komentatzeko.

Honela, ikastaro horietan izena eman duten guztiei prestakuntzarekin jarraitzeko aukera bermatu nahi zaie, ikasturte honetan jorratu beharreko kultur diziplinen edukiak, erabilerak, aplikazioak eta ariketak osatuz.

Bereziki une hauetan, Bilboko Udalak kultur tailer horien garrantzia nabarmendu nahi du, herritarrak prestatu, entretenitu, interesatu eta dibertitzeko sormen eta kultura-aisialdiaren zatia diren aldetik.

BILBAO ESZENA

Era berean, Bilbao Eszenak prestatutako eszenarako prestakuntza eta sormen-tailerrek ere online jarraituko dute.

Irakasle bakoitzak taldeari egokitutako online edukia sortu eta PDF formatuan zabalduko du taldekideen artean. Horrez gain, ikasleekin konektatuko dira Zoom eta Whatsapp plataformen bidez.

Online eduki horiek sormenezko materialak bilduko dituzte, sormena etxetik irten gabe esploratu ahal izateko, baita taldearen kohesioa sustatzeko motibaziozko materialak ere: testu propioak sortzea, koreografiak edo inprobisazioak dituzten bideoak grabatzea, eszenografiak, atrezzoa eta jantziak prestatzea, edo testuak buruz ikastea, besteak beste. Horrela, materialak sortuz joango dira ikasturte amaierako erakustaldiari begira.

Azkenik, Bilbao Eszenako irakasleek lan-prozesua bizkortzeko dramaturgia bat sortuko dute, eskolarako itzulerari eta amaierako erakustaldiari begira.