BILBO. Koronabirusaren aurrean, Bilboko Udalak etxeko animaliak nola zaindu azaltzen dituzten hainbat gomendio azaleratu ditu, hala nola herritarrak nola jokatu behar duten txakurra kalera ateratzean edota nola garbitu behar dituzten eskuak animalia ikutu eta gero.

Txakurra kalera ateratzean paseo laburrak egiteko eskatzen da, animaliaren beharrizan fisiologikoak betetzeko adinakoak, baina ez luzeagoak. Era berean, maskotak jende gutxien dabilen orduetan ateratzea eta beste animaliekiko eta pertsonekiko harremana saihestea gomendatzen da.

Koronabirusak kutsatutako pertsonek etxean izan ditzakete euren maskotak, baina hainbat neurri hartu beharra dago, hala nola harengana ez hurbiltzea eta maskara erabiltzea. Nolanahi ere, animaliari maskara ipintzea ez da beharrezkoa. Eta albaitariarengana eraman behar izatekotan, aldez aurretik ohartarazi behar zaio hari, beharrezko neurriak har ditzan.

COVID-19 duen pertsonak ezin balu bere maskota zaindu, zeregin hori hartzen dutenak saiatu beharko dira kutsatutako pertsonarekin kontaktuan egon litezkeen gauzarik ez erabiltzen: lepokoak, uhalak, janari- eta edari-platerak, etab.

Ez dago ebidentziarik koronabirusak etxeko animaliak kutsa ditzakeenik pentsatzeko, baina kutsatutakoen maskotek birus-partikulen eramaile pasiboak izan daitezke (larruan, sudurrean…).

BILBOKO KATU-KOLONIAK

Osasun Ministerioak Instrukzio bat eman du, dekretuzko alarma-egoerak dirauen bitartean etxeko animalien zaintzari dagozkion interpretazio-irizpideak ezartzeko. Hori betetze aldera, Osasun eta Kontsumo Saila behar adina bitarteko ematen ari zaie Bilboko katu-koloniak zaintzen eta elikatzen dituztenei, lan hori egiten jarrai dezaten. Modu horretan, aurrea hartzen zaio osasun publikoarentzako balizko inpaktu kaltegarri bati.

Ildo berean, Osasun eta Kontsumo Sailak justifikazio-dokumentuak bidali dizkie CES programaren arduradunei, kalera segurtasunez atera eta Bilboko katu-koloniak elikatu eta zaindu ahal izan ditzaten.

Dokumentuek egiaztatu egiten dute pertsona horiek arduratzen direla hiribilduko kaleetan daude kolonietako katuak elikatzeaz, eta Bilboko Udalarekin egindako akordio baten ondorioz dutela zeregin hori.

Era berean, egiaztagiri hori duten pertsonei gomendatzen zaie jende gutxien dabilen orduetan joateko katu-kolonietara, eta bisiten arteko denbora-tartea ahalik eta gehien luzatzen saiatzeko.