BILBO. Oinezkoentzat egokitzeko alderdiren batean nabarmentzen diren hiriak saritzen dituen "Hiri laguna" saria irabazi du Bilbok. Sari banaketa bihar izango da Kadizen, eta alkateorde eta Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi den Alfonso Gilek hartuko du.

Bilbo aukeratu dute sariaren dimentsio berri honetarako, bere planteamendu inklusiboei esker. Bilboren planteamendu horien artean, arkitekturako oztopoak kentzea dago, mugikortasun bertikaleko programa batekin. Programa horretan hiri barruko 40 igogailu baino gehiago eta zenbait arrapala elektriko sartzen dira. Genero-ikuspegi nabarmena izatea ere garrantzitsua izan da, ikuspegi horretan mugikortasunak paper esanguratsua jokatzen baitu: 24 orduz zabalik dauden igogailuak eta autobusak gauez eskatzen zaien lekuan geratzea, esate baterako. Oso balorazio ona egin da, modu berean, Bilbo “30 hiri” bihurtu izanaz, semaforoak kentzeko planaz, oinez doazen pertsonentzako espazio publikoen kalitateari ematen zaion garrantziaz, eta mugikortasun jasangarri baten alde ikuspegi orokor batekin lan egiteko egin dituen ahaleginez.

Hiri handien kategorian (Valentzia irabazle) eta hiri ertainenean (La Rinconadak bereganatu duena), epaimahaiak nabarmendu du egin diren eraldaketek ikuspegi orokorra daukatela, hiriaren zona zabaletan eragiten dutela eta oinezkoak nagusitzea sustatzeko hiri-eremuko ekintzak bultzatu direla. Biek daukate, beraz, ikuspegi integratzaile bat, Sarearen printzipio guztiekin zerikusia duten ekintzak hartzen dituztelako barruan.

Modu berean, bi hiriek erakusten dute ahalegin handia egin dela jarduketak testuinguru kontzeptual baten barruan txertatzeko, oinezkoak espazio publikoen protagonista gisa hartuta.

Valentziaren hautagaitza, Plazen Hiriaren izenarekin, penintsulako hirugarren hirian balio ikoniko handia duten zenbait espazio oinezkoentzat prestatzeko laster egingo den lanari lotuta dago. Espazio horietako batzuk Udaletxeko plaza, Erreginaren plaza eta San Agustinen plaza dira, baita hiriko merkatu nagusiaren ingurua ere. Ekintza hau ez dago plazei bakarrik bideratuta; inguruko kaleak ere barnean hartzen ditu. Horrela, ekosistema zentral bat sortuko da, oinezko izaera handia izango duena, dudarik gabe datozen hamarkadetan hiriaren izaera markatuko duena eta hiriko estresa murriztuko duena.

La Rinconadari dagokionez -Oinez doazen Hirien Sarea sortu zuten hirietako bat-, bereziki baloratu dira honako faktoreak: oinezkoei emandako bultzada, pertsonentzako espazio eta lekuen diseinuaren eta kudeaketaren bidez, oinezkoen sareen integrazioa, arkitekturako oztopoak kentzea, eta plataforma bakarren bidez irisgarritasun unibertsala sustatzea. Hiri horren ekintza guztiak premisa hauekin egin dira: oinezko ibilbideak etengabe bultzatzea, ibilgailuentzako espazioak murriztea, eta zuhaitzak eta landareak dituzten oinezkoen zonak sortzea, bizi-kalitatea hobetzeko eta ibiltzearen kultura sustatzeko.

Epaimahaiak bi kategorietan aurkeztu diren gainerako hautagaitzak zoriondu ditu, oso puntuazio altua jaso baitute, irabazleetatik hurbil. Hiri txikiaren saria, tamalez, hutsik utzi behar izan du.

Hiri hautagai guztiek interes handiko proiektuak aurkeztu dituzte oinezkoen mugikortasunaren alde. Oro har, espazio publikoak oinezkoentzat prestatzeko proposatutako ekintzak aipatu behar dira, horrelako espazioak (normalean gizarte harreman eta jarduerei lotuak) oinezkoei itzultzeko apustu garbia islatzen baitute, epaimahaiaren ustez.