BILBO. "Musika-Música 2020" martxoaren 5ean, 6an, 7an eta 8an ospatuko da Euskalduna Jauregian. Aurtengo edizioak Paris omenduko du. Aurtengo edizioan Berlioz, Saint-Saens, Fauré, Debussy, Satie, Poulanc, Farrenc, Arriaga, Chopin, Offenbach edo Stravinsky musikagileen konposizioak entzun ahal izango dira hirian.

Bilboko Udalak 2002tik antolatzen duen Musika Klasikoko Jaialdi hau erreferente bihurtu da estatu mailan, batez beste 35.000 asistentziarekin eta bertako eta nazioarteko 800 artista profesionalen eta kontserbatorioetako 500 ikasleren parte-hartzearekin. Horren harira,

Bilboko Alkateak azpimarratu du jaialdi honek herritarrei, bisitariei eta musikako profesionalei eskaintzen dien aukera: "Musika-Música aukera paregabea da Estatuan musika klasikoko esperientzia aparta izateko, maratoi formatuan eta prezio herrikoiekin. Esperientzia horrek erakusten du zer garrantzi daukaten jaialdiak berak eta orobat kulturak Bilboko bultzagile ekonomiko eta sozial moduan."

Musika-Música Jaialdiaren bereizgarriak ere nabarmendu ditu Juan Mari Aburtok: artista gazteak eta musikari ospetsuak elkarrekin biltzea; eta zaletuak eta adituak elkartzea, ideiak trukatzeko eta esperientziak eta jakintzak partekatzeko.

Era berean, Aburto alkateak adierazi duenez, jaialdi hau "hiriaren bizitza kulturalaren erakusgarri aparta da, hiria egiteko eta guztiontzako kalitatezko kulturarako konpromiso eta tresna gisa ulertuta".

PARIS HELBURU DUEN PROGRAMA

Musika-Música 2020k XIX. eta XX. mendeetako Parisera eramango du bere publikoa, eta bertan nazioarteko izen handiko interpreteak bilduko dira, Berlioz, Saint-Saens, Fauré, Debussy, Satie eta Poulanc, Farrenc, Arriaga, Chopin, Offenbach edo Stravinsky artisten obrekin.

Frantziako hiriburuan bizi izan ziren une historikoek lehen mailako kultur gune bihurtu zuten hiria, nazioarteko topaleku, zeinera Europa osoko artistak bildu baitziren aukeren eta libertateen itzalera, eta horregatik dugu aurten Musika-Músicaren 2020 honen helburu.

Horrela azaldu du Gonzalo Olabarriak, zeinak aurtengo egitarauaren berri eman baitu: 88 ekitaldi izango dira, kontzertuak eta musikarekin lotutako jarduera informatibo eta pedagogikoak. "Areto-kontzertuak, hitzaldiak, antzerkia, familia osoarentzako jarduerak eta haurrentzako jarduerak, formatu geroz eta askotarikoago batean, eta, beti bezala, guztientzako moduko prezioekin (5 eta 12 euro artean)", adierazi du Kultura zinegotziak.

Aurtengo Musika-Música Jaialdiari martxoaren 5ean, eguenean, emango zaio hasiera, arratsaldeko zortzietan, BOSek, Bilboko Koralak eta Vanessa Goikoetxea sopranoak parte hartuko duten lehen kontzertuarekin. Erik Nielsenen zuzendaritzapean, Poulenc-en Soprano, abesbatza eta orkestrarako loria, eta Stranvinskyren Udaberriaren Kontsakrazioa obrak interpretatuko dituzte.

Pianoak leku berezia du aurtengo egitarauan, lau eskurekin jotako piano kontzertuekin eta bi pianotarako kontzertuekin.

Horren erakusgarri da Joaquin Achúcarro maisuaren parte hartzea, lehen aldiz Musika-Músican arituko dena, kontzertu oso berezi batekin, Falla, Ravel, Chopin, Scriabin, Debussy eta Albenizen obrak interpretatuz. Halaber, nabarmentzekoa da Katia eta Marielle ahizpa frantsesak ere gure artean izango direla, pianoko bikote ospetsuenetako bat egun, Labéque Ahizpak izenarekin ezagutuak artearen munduan.

Izen handiko orkestra eta taldeek ere parte hartuko dute lehen aldiz, hala nola Les Musiciens du Louvre, Le Concert Impromptu haize boskotea edo Cuarteto Novus.

Beste une paregabe bat Luis Fernando Perezek interpretatutako Sehaska kantuei eskainitako denbora izango da.

Gainera, Euskaldunako organoa ere protagonista izango da Asturiasko Printzerriko Orkestrak (OSPA) Juan de la Rubiarekin batera emango duen kontzertuan, Poulenc eta Saint Saënsen obrak interpretatuko baitituzte.

HARMONIA JAINKOSA

Eta Paris eta Europa iraultzatik eta gerretatik onik ateratzen lagundu zuen gogaidetasun horren ordezkari: Harmonia jainkosa, aurtengo Musika-Música jaialdiaren kartelean distiratzen duena. Irudi horrek koroatzen du Parisko operako dorretako bat, Frantziako hiriburuko hiri paisaiaren eraikinik bereizgarrienetako batean. Parisko opera edo Garnier opera Napoleon III.aren erregimenaren proiektu enblematikoetako bat izan zen. Opera berria Paris berriaren ikurra izatea nahi zuen enperadoreak: paristarren harriduraren aurrean sortzen ari zen hiri modernoa. Armonia jainkosak, eraikinaren fatxada Poesia jainkosaren ondoan koroatzen duena, abstrakzio musikala eta sentimentala irudikatzen du, hau da, oreka edo konkordia.

JAIALDIA ZIFRETAN

Aurten, Musika Musikak 4.000 minutu musikal eskainiko ditu; horietan, nazionalitate guztietako 800 artistak eta ibilbide profesional baterako asmoa duten kontserbatorioetako 500 ikaslek parte hartuko dute; 88 kontzertu eta jarduera, kontzertuak, eta 20 piano baino gehiago, horietatik 5 Steinway motako isats-pianoak.

MUSIKA HAINBAT FORMATUTAN

Bai guztientzako moduko prezioengatik izango duen irisgarritasunagatik bai programaren diseinuagatik, adin eta gustu batzuentzat eta besteentzat pentsatuta dago programa.

HITZALDIAK: (0 C Aretoa)

Martxoaren 5ean, 19:00etan: Mercedes Albainak hitzaldi hau emango du: "Paris helburu".

Martxoaren 7an, 12:45ean: Asier Urkijok "Pianoaren barrunbeak" hitzaldia emango du.

Martxoaren 7an, 18:45ean: Faustino Nuñezek "Espainiarrak Frantziako musikan" hitzaldia emango du.

MUSIKA ETA ANTZERKIA:

Martxoaren 6an, 17:30ean, eta martxoaren 7an, 12:45ean. 'Monsieur Croche'. Keinuzko eta txotxongilozko ikuskizuna, Claude Debussy konposatzailearen ametsez. Compaya del Príncep Totilau.

MUSIKA ETA ZINEMA: (0 E Aretoa)

Martxoaren 6an, 19:30ean: 'Chopin, Polanski, Duras eta García Márquez-en laguna'. Hizlaria: César Coca.

Martxoaren 7an, 20:00etan. "Parisko soinuak Tavernier, Malle, Scorsese, Erice, Marshal eta Hitchcockentzat". Hizlariak: César Coca eta Patricia Sojo.

MUSIKAZKO IPUINA: (0 E Aretoa)

Martxoaren 7an, 11:15ean, eta martxoaren 8an, 11:00etan. 'Babar-en istorioa". Kontatzaile: Javier Irigoyen. Pianoa: Julián Ramos.

UMEENTZAKO LANTEGIAK: (0 E Aretoa)

Martxoaren 7an, 12:45etan. Musika eta artea: "Izarrak margotzea". Hezitzailea: Mónica Rodríguez Curiel." "Udaberriaren Kontsakrazioa", Igor Stravinsky.

Martxoaren 8an, 11:00etan. Musika eta artea: "Zerua eskuekin ikutzea". Hezitzailea: Mónica Rodríguez Curiel. Harpa: Marion Desjacques. Ilargi argia, Claude Debussy.

DOAKO GUNEA

Doako gunean (aldez aurretik, ostera, sarrera beharko duena, Euskalduna Jauregira sartzeko), kontserbatorioetako kontzertuez eta lehen aipatutako jarduera batzuez gozatu ahal izango da, hala nola, hitzaldiez. Gune horretara sartzeko sarrera beharko da, ordaindutako kontzertuetakoren batena, egun horretakoa eta ordu tarte horretakoa.

SARREREN SALMENTA

Otsailaren 18tik aurrera, MUSIKA-MÚSICArako sarrerak hemen eskuratu ahal izango dira:

Musika-Músicaren bulegoak: otsailaren 18tik martxoaren 5era. Astelehenetik barikura: 10:30etik 18:30era.

Euskalduna Jauregian: otsailaren 18tik aurrera (astelehenetik zapatura, 12:00etatik 14:00etara/17:00etatik 20:00etara), eta www.euskalduna.eus web orrian ere bai.

Kutxabanken zerbitzu anitzetako kutxazainak: otsailaren 18tik aurrera, hemen: www.ticket.kutxabank.es

Taldeentzako bakarrik, 12 sarreratik gora, kontzertu bererako, eta gutxienez 50 sarrera erosita, telefono honetan: 94 679 04 88, edo posta elektronikoko helbide honetan: groups@euskalduna.eus Otsailaren 18tik martxoaren 5era, astelehenetik barikura, 12:00etatik 18:00etara.

PREZIOAK:

Auditorioa: 12€. Jarleku zenbakiarekin.

0C aretoa: 10 €. Jarleku zenbakiarekin.

0C aretoa: 6 €

0C aretoa: 6 €

0C aretoa: 5 €

0C aretoa: Sarrera librea, aldez aurretik jaialdirako sarreraren bat erosita.