Euskarazko aisialdia sustatzeko

Ikusi eta Ikasi programak 75 ekintza antolatuko ditu

01.02.2020 | 17:35
Ikusi eta Ikasi programa

BILBO. Bilboko Udalak antolatutako eta euskarazko aisialdia sustatzeko helburua duen Ikusi eta Ikasi programak 75 ekintza antolatu ditu otsailetik maiatzera eskaintzeko. Oraingo honetan, bi kategoria egongo dira: Familian, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat, eta Lagun artean, 8 eta 10 urte bitartekoentzat.

Otsailari begira, Ikusi eta Ikasi programak diziplina anitzeko 22 emanaldi eskainiko ditu, doan, tailer eta ikuskizun formatuan.

Programa atzo urtarrilaren 31n, barikuan, hasi zen, 18:00etan, Errekalde auzoan, Eidabe konpainiaren "Meri, Mari eta Lari" ikuskizunarekin, eta otsailaren 29an amaituko da, Nerea Ariznabarreta ipuin kontalariarekin. "Ezberdin bezain eder" ikuskizuna eskainiko du Olabeagako udaltegian.

Jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, salbu eta zapatu goizetarako antolatuak, 12:00etan hasiko dira-eta.

Tailerrak, berriz, 18:00etan hasiko dira, baldin eta saio bakarra eskaintzen bada; egun berean bi saio eskaintzen badira, lehena 17:15ean izango da, eta bigarrena 18:30ean.

Otsaileko jarduerak Bilboko barrutietan banatuta daude eta honako leku hauetan egingo dira: Abando, Basurtu, Begoña, Kastaños, Deustu, Olabeaga, Errekalde, Santutxu eta Zorrotzako udaltegietan, Euskararen Etxean (San Inazio) eta Juan Delmas, Tiboli eta Iruartetako eskoletan.

Ikuskizun guztiak euskaraz eta doakoak dira. Ikuskizunetarako sarrera doakoa da leku guztiak bete arte baina tailerretan parte hartzeko izena eman behar da aurretik.

Emanaldi, tailer eta ordutegi guztiekin egitarau osoa lortu daitezke webgune hauen bitartez: www.ikusietaikasi.eus eta www.bilbao.eus.

noticias de deia