BILBO. 1969. urtea baino lehenago eraikitako Bilboko 42 higiezinek EITa aurkeztu behar izango dute aurten. Hala nola, guztiek ohar daitezen, Udalak hurrengo egunetan notifikazio bat utziko du atari horietan guztietan.

2019ko abenduaren 31rako, Bilbon, 7.303 IET zeuden aurkeztuta guztira, betebehar hori zuten eraikinek, hain zuzen; hau da, bizitegietarako eraikinak izanik 50 urte baino gehiago zeukatenek, eraikin katalogatuek (edozein zela ere euren antzinatasuna eta babes-araubidea), eta onik iraunarazteko, irisgarritasun unibertsalerako edo energia-eraginkortasunerako obrak egiteko Administrazio Publikoaren laguntzak eskuratu nahi zituzten jabeei dagozkien eraikinak.

Udalaren egutegiaren arabera, eta eraikuntza-urteagatik betebeharra duten bizitegi-eraikinak bakarrik aintzat hartuta, 2015 eta 2019 artean, 6.563 dira EITa aurkezteko betebeharra dutenak: horietatik, 6.466k aurkeztu dute dagoeneko: hau da, % 98,52 izan da betetze maila.

Urteen arabera, 2015ean, 1.399 eraikin ziren betebeharra zutenak, eta 1.395 eraikinek aurkeztu zuten; 2016an, 1.025 eraikin ziren, eta 1.017 izan ziren aurkeztu zutenak: 2017an, 1.931 higiezinek aurkeztu zuten; 2018an, 1.946 higiezinek, 1.971 artetik; eta, iaz, betebeharra zeukaten 237 eraikinetatik, 191 izan ziren EITa aurkeztu zutenak.

Eraikinen Ikuskapen Teknikoa, hala, Eusko Jaurlaritzak arautzen du, eta, ikuskapen horri esker, etxejabeen erkidegoek hobeto ezagutzen dituzte beren eraikinen kalte eta akatsak, eta, horren ondorioz, eraikina onik zaintzeko egin beharreko konponketak hobeto programa ditzakete.

Udalaren web-orri honetan (www.bilbao.eus/ITE) kontsulta daitezke banan-banan eta atariz atari noiz dagokion higiezin bakoitzari EITa aurkeztea, datu hauek jasotzen direlarik: noiz eraiki zen bakoitza, noiz aurkeztu behar duten EITa, eta ikuskapen hori Surbisaren bitartez edo Hirigintza Plangintzako Sailaren bitartez kudeatu behar den.

EIT-AREN IZAPIDETZEA

Eraikinaren jabeek edo jabeen erkidegoek aurkeztu behar dute EITa, eta, agirian, eraikina osatzen duten elementuen egoera orokorrari buruzko azalpena jaso behar da: egitura, zimentazioa, etxaurreak, estalkiak eta instalazioak; horrez gain, aurkitutako akatsak konpontzeko behar diren obren zerrenda jaso behar du, horrelakorik izanez gero, nolako premia duten adierazita eta haien larritasuna kontuan hartuta.

Agiri horrez gain, irisgarritasunaren gaineko txosten bat ere aurkeztu behar da, eta higiezinaren energia-eraginkortasunaren ziurtagiri bat ere bai; nolanahi ere, dokumentua teknikari batek egin behar du, goi mailako arkitekturako edo arkitektura teknikoko titulua duen batek.

Azkenik, EITa Bilboko Udaletxean aurkeztu behar da, eta herri-erakunde honek Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailera igorri behar du.

EIT-AREN ONDORIOZKO OBRAK

EITaren ondorioz obrarik egin beharra gertatuz gero, jakin behar da katalogatuta daudela, urgentziaren arabera:

  • 1, 2 eta 3 mailako obrak dira berehala egin beharrekoak, 3 hilabeteko epean edo gehienez ere urtebeteko epean. Obra mota horretarako ziurtagiri tekniko bat behar da, gauzatu dela egiaztatzen duena, eta nahitaez aurkeztu behar zaio Udalari.
  • 4. mailako obrak urtebete baino gehiagoko epean egin daitezke, eta 5 mailakoak mantentze-lanetako obrei dagozkie.

Jabeek ez badituzte egiten, ostera, Udalak, herritarren eta hiriaren segurtasuna zaintzearren, obrak eginaraz ditzake, lehentasuna emanez eraikinen egiturari, estalkiari eta bide publikoan kokatuta daudenen fatxadei.

OBRAK EGITEKO LAGUNTZAK

Bilboko Udalak laguntzak ematen ditu bizitegi-eraikinetan egiturazko elementuak konpontzeko eta arkitekturazko oztopoak kentzeko obrak egiteko. Gainera, obra horiek udal tasa murriztua dute.

Bestetik, Surbisak EITaren ondoriozko obrak eta denetariko zaharberritze-lanak egiteko diru-laguntzak ematen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak ere kudeatzen ditu, leihatila bakar moduan.

Bestetik, EITaren ondoriozko lanetarako onura fiskalak eta diru-laguntzak jaso daitezke, Eusko Jaurlaritzaren babespean egindako zaharberritzeko lanak direnean. Informazio gehiago www.etxebide.euskadi.eus. webgunean.