BILBO. Pasaden astelehenean inauguratu zen Ibaizabal Itsasadarrari buruzko erakusketa ikusgai egongo da Moyuako metro-geltokian hurrengo urteko otsailaren 29ra arte. "Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita" izena dauka eta infografia bilduma bat da.

Itsasadarrari buruzko 10 panelek osatzen dute Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita erakusketa. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Metro Bilbaok sustatutako ekimenak egunero begi-bistan ditugunak sakonago behatzeko aukera ematen du.

NorArte estudioak gauzatu ditu infografiak eta bakoitzak alor zehatz bat deskribatzen du. Hala, Bilboko itsasadarraren historia eta bilakaera, inguruko geologia, meatzaritzaren eragina eta itsasadarraren garraiobide papera, uraren kalitatearen hobekuntza, bizia zelan bueltatu den bertara, faunaren berreskurapena, planktona, flora eta hauen bilakaera Abran eta Metroaren eta itsasadarren arteko harremana.

Infografien edukia hainbat adituren laguntzarekin gauzatu da: UPV/EHUko Geodinamika, Estratigrafia eta Paleontologia, Landare Biologia eta Ekologia, eta baita Zoologia eta Animalien Zelulen Biologia sailetako ikertzaileak, AZTI Tecnaliakoak, Energiaren Euskal Erakundeko adituak (EEE), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko ikertzaileak, Metro Bilbaoko ingeniariak, Bilboko Portuko adituak eta Ekoetxea Meatzaldea-Peñas Negraseko hezitzaileak.

Gabonetan Moyuako metro-geltokian ikusgai egongo den erakusketa hau, Kultura Zientifikoko Katedrak 2020. urtean betetzen duen hamargarren urteurrenaren lehen egitasmoa da eta, "ibilbidea ospatzeko oso proiektu polita dela" nabarmendu du Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Katedrako zuzendariak. Horrez gain, Metro Bilbaok horrelako erakusketa egiteko aukera eman izanarekin oso eskertua agertu da ere, gizarteari "itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutzeko, eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera ematen baitio".