BILBO. Atzo goizean inauguratu zen Bilboko Areatzan egongo den Gabonart Artisautza Azoka. Aurtengoa 37. edizioa izango da, eta urtarrilaren 5era arte egongo da martxan. Bertan, 50 artisauk euren lanak erakutsi eta salduko dituzte.

Bilboko alkateak nabarmendu zuen “Bilboko Udalaren helburua dela gure hiria Gabonetan ere erakar-gune garrantzitsu bat izatea. Hau da, bisitatzen gaituztenek gure hiribildu abegitsuaz gozatzea nahi dugu, eta saltokietan zein ostalaritzako negozioetan kontsumitzea”. Bestalde, bilbotar guztiak animatu ditu “gure kaleez eta #BilbaoGabonak programaren magiaz gozatzera”.

Urtarrilaren 5era arte, halaber, #BilbaoGabonak proiektuko hogei bat etxola egongo dira Erripa kaiko Gabonetako Merkatuan. Hiribilduko saltokiak hilabetez egongo dira aisialdirako eta Gabonetako erosketetarako espazio horretan, eta gastronomia, opari eta dekorazioari lotutako produktuak eskainiko dituzte goizez, 11:30etik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:30etik 21:00etara.

Hain zuzen ere, hauexek izango dira Erripako kaia girotuko duten saltokiak: Zorrotzaurreko Bilbodulce gozotegia, Santutxuko Kiliken Paraguas, Uribarriko Koloreak jostailu-denda, Erriberako Merkatuko Panadería Rosi okindegia, Bilbo Zaharreko Bizkorna okindegia, Otxarkoagako La del 1 okindegia, Miribillako Tu bola de Navidad dekorazio-denda, Basurtuko Formarte (moda eta osagarriak), Bilbo erdiguneko The Su Life (birziklatzeko produktu ekologikoak), Bilbo erdiguneko El Kubo de Bilbao (rubick kuboak), Bilbo Zaharreko La Zapa de 2 de Mayo zapata-denda, Bilbo Zaharreko Princess Courts- Xaboi Punpuila (ehun eta xaboi naturalak), Ametzolako Viento Norte (opariak eta osagarriak), Santutxuko El Txoko del Cuero (larruki-denda eta opariak), Magora Bakery okindegia-gozotegia, El Gallo de Oro liburuak, La Gilda del Norte eta Kai Denda (arropa eta osagarriak).

MUNDU GUZTIARENTZAKO GABONAK

Erripa kaiko espazioan, gainera, familia osoarentzako eta mundu guztiarentzako beste aukera batzuk eskainiko dira, besteak beste, 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzako aisialdirako eremua. Guztira, 450 metro karratu izango dituen espazio horretako jarduerak urtarrilaren 5era arte egongo dira martxan, 16:30etik 20:30era eskola-egunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era asteburu, jaiegun eta eskola-oporraldian.

Gabonetako Merkatuaren alboan irristatzeko sei bide dituen txirrista handi bat instalatu da. Horren aurrean, itsasadarraren beste aldean, Areatzan, estatuko izotz ekologikoko pistarik handienaz gozatu ahal izango dute bilbotar guztiek. 800 metro karratu ditu, eta instalazio erdia instalatuta egongo da eguraldi txarrari aurre egiteko. Hauxe izango da bi instalazioen ordutegia: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, eta asteburu, jaiegun eta eskolarik gabeko egunetan ordutegia luzatuko da 16:00etatik 21:00etara. Txirrista eta izotz-pista ekologikoa urtarrilaren 5era arte erabili ahal izango da.

#BILBAOGABONAK

Bilboko Udalak prestatu du proiektua, eta Gabonetarako jardueren programa zabal bat eskaintzen du, hiribildua erakar-gune handi bihurtzeko eta Gabonetan ere aisialdirako eta kulturarako erreferentzia garrantzitsua izatea lortzeko.

#BilbaoGabonak ekimenaren helburua jendea erakartzea da, bai bertakoak zein ingurukoak eta estatuko edo atzerriko turistak. Bestalde, merkataritza eta negozioak mugiarazi nahi dira, besteak beste. Horrela, adin guztietako jendeak Bilbon ilusio handiz bizi eta gozatu ahal izango du Gabonez.

Aurten, Bilbok Gabonetako proiektua sendotu du hirian antolatuko diren 400 jarduera baino gehiagorekin. #BilbaoGabonak ekimenari esker, Bilboko Udaletxeko eta Arriaga Antzokiko zubien arteko itsasadarraren bi bazterrak erdigune berria izango dira, baina, betiere, jarduera beste auzo batzuetara zabaltzeko nahiarekin.