BILBO. Bilboko kaleek, aurtengo Gabonetan ere, dir-dir egingo dute hiru egunez; izan ere, hiribilduko merkataritza-eremu nagusietara Gabonetako ilusioa eta magia erakartzeko animazio-ikuskizunak antolatuko dira hiru egun horietan.

Dinamizazio-ekintzen bitartez, hirian erosketak egiteko giroa alaitu nahi da, bai eta jarduera ekonomikoa sustatu eta Bilbo Gabonetan bisitatzen gaituztenen erakar-gune izatea lortu ere.

Street marketing delakoari lotutako ekintza horiek herritarrentzat pentsatu dira eta, bereziki, erosketak bertoko saltokietan egiten dituzten bilbotarrak animatzeko asmoz. Bost kidez osatutako musika-taldea, zeremonia-maisu bat eta hiru aktore arduratuko dira animazioaz.

Ikuskizunen ordutegia 18:00etatik 20:30era izango da arratsaldez eta 12:00etatik 14:00etara goizez. Hiriko leku hauetan izango dira:

Ostegun arratsaldean, abenduaren 12an: San Inazio, Deustu eta Uribarri.

Ostiral arratsaldean, abenduaren 13an: Zorrotza, Basurtu eta Rekalde.

Larunbat goizean, abenduaren 14an: Bilbo Zaharra, Santutxu, Txurdinaga eta Otxarkoaga.

Larunbat arratsaldean, abenduaren 14an: Bilboko erdigunea eta Alde Zaharra.

#BILBAOGABONAK

#BilbaoGabonak izen generikoarekin, Bilboko Udalak aurten ere Gabonetan egiteko jardueren programa zabal bat abiarazi du. Horrela, Bilboko Udalak #BilbaoGabonak proiektuari indarra eman nahi dio, hiribildua erakar-gune garrantzitsu bihurtzeko eta Gabonetan ere aisialdirako eta kulturarako erreferentzia izateko.

#BilbaoGabonak ekimenaren helburua jendea erakartzea da, bai bertakoak zein ingurukoak eta estatuko edo atzerriko turistak. Bestalde, merkataritza eta negozioak mugiarazi nahi dira, besteak beste. Horrela, adin guztietako jendeak Bilbon ilusio handiz bizi eta gozatu ahal izango du Gabonez.

Aurten, Bilbok Gabonetako proiektua sendotu du hirian antolatuko diren 400 jarduera baino gehiagorekin. #BilbaoGabonak ekimenari esker, Bilboko Udaletxeko eta Arriaga Antzokiko zubien arteko itsasadarraren bi bazterrak erdigune berria izango dira, baina, betiere, jarduera beste auzo batzuetara zabaltzeko nahiarekin.