BILBO. Europako, Ameriketako eta Australiako antzoki garrantzitsuetan arrakasta lortu eta gero, Gorrotxategi lehen mailako artistek lagunduta arituko da Euskaldunan, Ana Otxoa Pando sopranoa, Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) eta Oliver Diaz maisuak zuzendutako Bilboko Koral Elkartea, hain zuzen ere.

Eszenaratuko den musika errepertorioa kontzertuaren balio erantsia izango da, izan ere, Jesus Mari Sagarnaren lanari esker, euskal kultur ondarean ia ezezagunak ziren edo oso jende gutxik ezagutzen zituen lan bikainak berreskuratu dira. Ikerketa lan zorrotzaren ondoren, hainbat lan berreskuratu da, euskal operetako ariak, duoak eta koruak, guztiak ere euskaraz. Une honetan berridazten ari dira.

Horrez gain, ongintza izaera duen kontzertua izango da, eta irabaziak neuro-endekapenezko gaixotasunen ikerketara zuzenduko dira, Walk On Project Fundazioaren bitartez. Kontzertua zuzenean grabatuko da, Juan Ángel Vela del Campo idazle eta musika kritikariaren lana izango duen CD bat argitaratzeko.

Jendearentzat irekita egongo den entsegua

Beste alde batetik, emanaldiaren aurreko egunean, abenduaren 29an, goizeko 11:00etan, aurreikusita dagoen entsegu orokorra ere jendearentzat zabalik egongo da.

Sarrerak salgai daude jada www.euskalduna.eus webgunean eta ohiko beste kanaletan. Entsegurako sarrerak 11,5 euro eta kontzerturako sarrerak 52 eurotik aurrera (kudeaketa gastuak barne).