BILBO. Su Ta Gar euskal taldea izango da kontzertuei hasiera emango diena; Abandoibarran joko du zapatuan, abuztuaren 17an, 23:30etik aurrera. 1987an sortu zen heavy metaleko taldeak zutik jarriko ditu ikusleak taldearen atzoko eta gaurko abestiekin; izan ere, jarraitzaile asko ditu taldeak, Euskadikoak zein kanpokoak.

Astelehenean, abuztuaren 19an, leku eta ordu berean, klasikoetan klasikoetako bat izango dugu: Dúo Dinámico. Talde ezagun honek era guztietako ikus-entzuleak bilduko ditu Aste Nagusiko emanaldian, 60ko hamarkada gogoraraziko digun ikuskizunarekin.

Martitzenean, abuztuaren 20an, Abandoibarran eta 23:30etik aurrera, Beberen txanda izango da, “Malo” eta “Ella” abestiekin mundu-mailako ospea lortu zuen aktore eta kantariaren txanda. Zalantzarik ez, Bilboko gauean ere zirrara eragingo du.

Abuztuaren 21ean, eguaztenarekin, jarraitzaile mordoa dituen Mónica Naranjoren ahots hunkigarria Bilboko Orkestra Sinfonikoaren soinuekin batera izango dugu, 23:30ean hasita, Abandoibarran; Europa parkeko aurtengo lehenengo kontzertua, ostera, Huntza taldearena izango da, 00:00etan. Huntza taldea Bilboko kaleetan sortu zuten Unibertsitateko sei ikaslek 2014. urtean eta “Aldapan gora” abestiak eman die osperik handiena.

Hurrengo egunean, abuztuaren 22an (eguena), 23:30ean hasita eta Abandoibarran, La M.O.D.A taldearen kontzertua izango da. Akordeoia, saxofoia, banjoa, mandolina eta klarinetea konbinatzen dituen talde honek folk, country, punk eta rock and roll-etik edan du eta ondorioa, zuzeneko indartsuak egiten dituen talde berezia.

Europa parkeko kontzertu-sorta abuztuaren 24an, zapatuan, amaituko da, 00:00etan. Boladan dagoen C. Tangana rapero, trapero eta reggaeton-kantaria arituko da.

8 AGERTOKI ETA DOAKO 100 MUSIKA EMANALDI BAINO GEHIAGO

Aste Nagusiko jaietako publikoarentzat musika-eskaintzak duen garrantziaz jabetuta, Udalak doako 100 musika-ikuskizun baino gehiago antolatu ditu uriko 8 agertokitan; era guztietako kontzertuak izango dira, gaur-gaurkoak, musika klasikoa eta bilbainadak, besteak beste.

Musikako hitzorduen ardatza eta oinarria, Bilboko jai-ereduaren ezaugarriak izango dira: kalitatea, askotako eskaintza, berdintasuna, parte-hartzea eta doakotasuna. Musika-estilo bakoitzak bere espazioa eta kokalekua izango ditu. Hona hemen:

KONTZERTUEN AGENDA:

ABANDOIBARRA

Zapatuan, hilak 17, 23:30ean: Su Ta Gar

Astelehenean, hilak 19, 23:30ean:Dúo Dinámico

Martitzenean, hilak 20, 23:30ean: Bebe

Eguaztenean, hilak 21, 23:30ean: Mónica Naranjo + Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Eguenean, hilak 22, 23:30ean: La M.O.D.A.

EUROPA PARKEA

Eguaztenean, hilak 21, 00:00etan: Huntza

Zapatuan, hilak 24, 00:00etan: C. Tangana