BILBAO -Martxoan iragarri ziren obrak gaur goizean hasi dira. Hogei urte modernizazio proiektuaren barruan, bertara doazen guztien irisgarritasuna eta joan-etorrien kalitatea hobe-tzea du helburu Euskaldunak.

“Jauregiaren iragana eta etorkizuna markatuko dituen esku-hartzea da, irudi zein operatibitate mailan”, dio Euskalduna Jauregiak obren berri ematen duen oharrean. Halaber, lau eskailera tarte eta bi arrapala eraisteak sei eskailera mekaniko instalatzea erraztuko du.

Horrekin batera, E eta VIP aretoak hobetzeko lanak burutuko dira. Hori bai, obrak ez dira eraikinaren barrualdera mugatzen. Jauregiko zabalgune nagusiko parterreak eta lorategiak zaharberrituak izango dira hurrengo egunetan. Horretarako, gaur egun dauden parterre batzuk edekiko dira, datozen ekitaldiei begira ingurua egokitzeko jomugarekin. Beste alde batetik, uztailean eta abuztuan seinaleztapena zeharo aldatuko da: marka irudi berria eta ikonografia berria sartuko dira, eta Jauregiko solairuen zenbaketa berria kontuan hartuko da (une honetatik aurrera itsasadarraren mailak markatuko du zero kota, eta zenbatu barik zeuden zenbakiak zenbatuko dira).

Azkenik, Renferen Santurtzi-Bilbo linea izandakoak Bihotz Sakratuaren biribilgunearen inguruan utzitako tunelean biltegi berriak egokitzeko lanak egingo dira. 2018an, Bilboko Udalak Euskaldunari biltegiratze beharrei erantzun ahal izateko, 400 metro karratu inguru utzi zizkion: OLBE-ABAO (Operaren Lagunen Bilboko Elkartea), BOS (Bilboko Orkestra Sinfonikoa), edota aldian aldiko bezeroak (kongresuetako standak, aurkezpeneterako pantailak, soinu ekipoak, sistema informatikoak).

Dena aurrera eraman ahal izateko, Euskalduna Jauregiak 2,45 milioi euro inbertituko ditu.