BILBO. Saharar herriaren aldeko kontzertu solidarioa, "Mendebaldeko Sahararen aldeko kontzertua. Harresian zehar abesten" Bilborocken izango da apirilaren 11n, arratsaldeko 20:00etan. Kartelean izango dira, besteak beste, “Singing through the Wall. Songs for Western Sahara” disko bikoitza grabatu zuten artistetako batzuk; hala nola, My Darling Clementine (Erresuma Batua), Matt Harding (AEB) eta Martha Fields Band (AEB).

Taldeen musika-emanaldien aurretik, "Mendebaldeko Sahararen gatazkaren azalpena" izeneko dokumentala emango da; zinema-lan horrek 4 minutu irauten du, eta Juan Soroeta EHUko nazioarteko zuzenbide publikoko irakasle eta Club 44 irabazteko xederik gabeko elkartearen sortzaile eta kideak aurkeztuko du. Soroeta aditua da, ikuspegi juridikotik, saharar herriaren gatazkan, eta aurkezpen bat egingo du, herrialde horren historiaren eta egoeraren gaineko gogoeta eginez.

"Mendebaldeko Sahararen aldeko kontzertua. Harresian zehar abesten" dokumentalaren oinarria "Singing through the Wall. Songs for Western Sahara" disko kolektiboa da, zeina Marokok eraikitako 2.700 km baino gehiagoko harresiari buruzkoa baita, alegia, Sahara Mendebaldean okupatuta daukan lurraldea hesitzeko eta saharar iheslariak beren herrialdera itzultzea eragozteko eraiki zuen harresia.

MENDEBALDEKO SAHARA, LANKIDETZA-PLANEAN LEHENTASUNEZKOTZAT JOTAKO HERRIALDEA

Bilboko Udalak eta Club 44 irabaziak egiteko xederik gabeko elkarteak ezarri dute abian ekimena, Mendebaldeko Sahararen aldeko sentsibilizazio- eta lankidetza-ekintzen artean; Mendebaldeko Sahara da, hain zuzen, Bilboko Udalaren lankidetza-planean lehentasunezkotzat jotako sei herrialdeetako bat.

Bilbok saharar herriaren alde hartua duen konpromisoa Uriaren lankidetza-estrategiaren parte da, saharar herriaren alde elkartasuna eta babesa adierazteko modu bat. Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmen bat dauka Saharar Errepublika Arabiar eta Demokratikoaren Lagunen Bizkaiko Elkartearekin, eta, haren bidez, 40.000 euro izendatu ditu 2019an, garraiorako materiala erosteko, eta, gainera, urtero-urtero gauzatzen ditu elkartasunezko beste ekimen batzuk.

Saharar adingabeei Bilboko familietan udan harrera egiteko "Oporrak bakean" programa, manifestazioetan eta aldarrikapenetan parte hartzea eta garraioa hobetzeko proiektuei laguntzea dira, besteak beste, saharar herriarekiko elkarlanaren zati bat.

Aurten betetzen da Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa (SAED) aldarrikatu zeneko 43. urteurrena. 1976ko otsailaren 27an aldarrikatu zen Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, eta, harrezkero, Aljeriako basamortuan iheslarien kanpamenduetan eta lurralde okupatuetan bizitzen den drama humanitarioa larritu egin da.

Basamortuan bizitzen lau hamarkada eman ostean, saharar herria zain dago oraindik, nazioarteko legerian onartutako autodeterminazio-eskubidea noiz baliatuko.