BILBO. Bilbo “haurren laguna” hiria da. Udalak ikusgarritasun handiagoa emango dio UNICEFeko tituluari seinale baten bidez. Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluan parte hartzen duten umeek erabakiko dute non jarri seinalea.

Hain zuzen ere, Juan Mari Aburto alkateak azaroan jaso zuen Oviedon egindako galan. 2015etik aurrera lanean jardun ondoren eta Bilboko umeen eta nerabeen bizimodua hobetu nahi duten hainbat ekimen abian jarri ondoren, Bilbok izendapen hori eskuratu du.

Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluko umeek erabakiko dute non jarriko den seinalea. Ahal bada, umeen aisialdirako leku bat izango da, esaterako Guggenheim Bilbao Museoaren ingurua, Casilda Iturrizar parkea edo Europa parkeko umeen jolas-gunea.

“ETORKIZUNARI BEGIRA” HAURREN ETA NERABEEN UDAL PLANA

Aburto alkatearen taldeak zuzentzen duen Uriko Gobernu Planak ezarri zuen agintaldiko lehentasunezko jarduketa bat sari hori lortzea zela, umeen oraina eta etorkizuna arlo desberdinetatik bermatzeko. Horretarako, plan espezifikoak egin dira umeentzat eta nerabeentzat hezkuntzaren edo gizartearen arloetara zuzendutako programen bidez, eta aisialdiko eta kulturako programazio zabala prestatu da Bilboko gazteenentzat. Era berean, umeek eta nerabeek parte hartzeko organo iraunkorra sortu du Udalak, Haurren eta Nerabeen Udal Kontseilua. Zehazki, eta baldintza hori betetzeko, Udalak Osoko Bilkuran erabaki zuen umeen eta nerabeen ordezkaritzako organo hori sortzea.

Ildo horretatik, nabarmentzekoa da “ETORKIZUNARI BEGIRA” Haurren eta Nerabeen lehen Udal Plana garatu zen 2018-2021 aldirako. Bertan, Udalak urian identifikatzen den errealitatearen araberako planifikazioa egiten du; zeharkako 10 ildo estrategiko eta 26 helburu egituratzen dira eta, guztira, 193 jarduketa artikulatzen dira 18 urtetik beherako pertsonentzat. “Plan honekin Bilboko umeentzat eta nerabeentzat bideratzen den udal jardueraren koordinazioa eta kudeaketa hobetu nahi dugu”, adierazi zuen alkateak 2018ko ekainean aurkeztu zenean. Udalak barruko egitura bat dauka lanerako, sarean eta koordinatuta, uriko pertsonarik gazteenen eskubideak betetzen direla bermatzeko eta uriko bizitzan parte hartzen dutela ziurtatzeko.