Aurreko edizioak izandako arrakasta kontuan izanda, Basauriko Udalak 200.000 euroko aurrekontua bideratuko du 'BasauriBonua' kanpainaren edizio berri bat martxan jartzeko, hau da, aurrekoan baino 50.000 euro gehiago. Ekimen hau koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta tokiko merkataritza suspertzeko jaio zen, udalerriko saltokiei laguntzeko.

Bonua erosketak egiteko hobaria da, bezeroak produktuaren berezko prezioa baino gutxiago ordaindu behar baitu bonuari esker eta, horren bitartez, herrian kontsumoa sustatzea lortu nahi du Basauriko Udalak; finean, herritarrei ez ezik, merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektoreei ere egiten die mesede kanpainak. “BasauriBonua” kanpaina arautzen duten oinarriak gaur onetsi dira Ogasun Batzordean eta, ondoren, kanpainaren data eta xehetasunak merkatariekin eta ostalariekin adostuko dira.

Gaur izan den Ogasun Batzordean beste oinarri batzuk ere onetsi dira; hain zuzen ere, Basauriko Udalak herriko txikizkako denda, jarduera eta ostalaritzako establezimenduak erreformatzeko eta horien lehiakortasuna hobetzeko ematen dituen laguntzen lerroaren oinarriak, 90.000 euroko diru-partidarekin. Laguntza horien helburua gastuak finantzatzea da, betiere enpresetako instalazioetan, ekipamenduan eta enpresen modernizatzean egin badira inbertsioak, edo enpresa horien irudia, lehiakortasuna eta kalitatea hobetzeko; horretaz gain, COVID-19 birusaren prebentzioarekin eta zabalkundea etetearekin lotutako neurriak ezartzea ere bada laguntzen xedea, oraindik ere aurreikusi gabeko inbertsioak egin behar izatea ekar baitezake.