Arrigorriagako Udalak inbertsio handia egingo du San Andreseko pasabidea birgaitzeko lanak egin ahal izateko. Proiektu hau EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak osatutako Gobernu taldeak eta Noa Udal taldeak adostu egin zuten joan den urtean.

San Andreseko pasabidea birgaitzeko lanei dagokienez, kontrata bidez gauzatzeko aurrekontua 226.575,72 €-koa da, BEZ barne, eta eskaintzak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 19an amaituko da.

San Andres pasabidea, edo “pasabide zuria” esaten zaiona, oinezkoen pasabide garaia da, 90eko hamarkadaren hasieran eraiki zena Kubo auzoa Arrigorriagako erdigunearekin edo herrigunearekin komunikatu ahal izateko eta, horrela, herriaren erditik igarotzen diren trenbideak osatzen duten hiri-hesia gainditzeko.

Pasabide horri, harrezkero, hainbat elementu gehitu zaizkio, irisgarritasunaren ikuspegitik hobetzeko. Hala ere, pasabidearen azpiegitura aire zabalean eraikita dago, eta eguraldi txarraren mende dago (haizea, euria, hotza); hori dela eta, urte guzti hauetan zehar zahartzen joan da, eta, gaur egun, guztiz birgaitu beharra dagoela uste du Udalak.

Horregatik, talde teknikoak azterketa zehatza egin ondoren eta pasabidea bere osotasunean duen narriadura aztertuta, egokitzat jo du egin beharreko jarduketa integrala izatea identifikatu diren gabezia guztiak zuzendu ahal izateko.

Udalerrian trafikoa kontrolatzeko bideozaintza-sistemak hornitzeari eta instalatzeari dagokionez, kontrata bidez gauzatzeko guztizko aurrekontua 128.500 €-koa da, BEZa barne, eta eskaintzak aurkezteko epea 2022ko otsailaren 2an amaituko da.

Lehendik dauden sistemen antzinatasuna eta funtzionamendu mugatua kontuan izanda, Arrigorriagako Udalak bideozaintzako azpiegitura berritu eta handitu behar duela erabaki du; bai udal eraikin eta instalazioetan, bai udalerrian zehar ibilgailuen trafikoa kontrolatzeko. Sistema horien ikuskapena Udaltzaingoaren eraikinean zentralizatuko da.

Interes publiko eta segurtasun irizpideak erdigunean, Arrigorriagako Udalak administrazio-kontratu bat lizitatzen du.

Idoia Molina Auzo, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azaldu duenez, “beste batzuetan azaldu dugun bezala, Arrigorriagako auzoetako bizilagunen beharrei eta aldarrikapenei erantzutea beti izan da lehentasuna gobernu-talde honentzat, eta hala izaten jarraituko du. Administrazio - izapideak luzeak eta garestiak izan dira, baina pozten gara gure ahaleginek fruituak eman dituelako, eta gaur bi lizitazio garrantzitsu hauek argitaratu ahal izan ditugulako”.