Basauriko Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana idazteko kontratuaren lizitazio-prozesuari ekin dio. Herritarrek ere parte hartuko dute bere diseinuan. "Diagnostikoa egin eta eskaerak aztertu eta gero, Udalak aurreko Mugikortasun Planean osatutako adierazleak jasoko ditu, udalerriko hiri-mugikortasun jasangarria hobetzeko gidalerroak proposatuko ditu", eta, gainera, dokumentuan proposatutako helburuak lortzeko egin beharreko jarduketa zuzenak definituko ditu.

Lizitazio-aurrekontua 72.600 eurokoa da, eta enpresa adjudikaziodunak bi urte izango ditu dokumentua idazteko. Izan ere, plan berria 2023tik 2027ra bitartekoa da. Enpresa adjudikaziodunak, lehenengo fasean, "Basauriko mugikortasunaren gaur egungo egoeraren diagnostikoa egingo du, aintzat hartuta herriko garraio publiko guztiak (autobusak, trenak, igogailuak, taxiak), pribatuak eta garraio alternatiboak (oinezkoak, bizikletak, patineteak eta abar)", azaldu dute udal arduradunek.

Horrez gain, errepide-sarea, trafikoa eta zirkulazioa ere aztertu beharko ditu, eta, "horren barruan, errepide-sarearen egitura, zirkulazioaren noraezkoak, errepide eta espaloien zabalera, semaforoak...

Eta, nola ez, aintzat hartu beharko ditu oinezkoentzako eta txirrindularientzako azpiegiturak eta mugikortasunaren alorreko eskaera orokorra". Diagnostikoa egiterakoan, aparkalekuak ere kontuan izan beharko dituzte, bai bide publikoan daudenak, baita lur azpikoak ere: zenbat dauden, zenbateko eskaintza eta eskaera dagoen, garraio publikoaren alorreko eskaera...

"Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana idazterako orduan, kanpo-aldagaiak ere hartuko dituzte kontuan. Hala nola, Europak, Espainiak eta Autonomia Erkidegoak mugikortasun jasangarriaren alorrean diseinatutako politikak, udalerrirako identifikatutako jardunbide egokiak, erreferentziazko araudia eta deskarbonizazioa". Mugikortasuna genero-ikuspegitik ere hausnartu beharko du diagnostikoak: "Aztertu beharko du ea sexuen artean aldea dagoen mugikortasunari dagokionez, eta, baldin badago, ea desberdintasunek diskriminazioa sortzen duten". Azkenik, "diskriminazioa hautemanez gero, balizko inpaktu negatiboa neutralizatzeko ekintzak aurreikusi beharko ditu".

Kontuan hartu beharreko beste puntuetako bat adinekoak izango dira. Zentzu honetan, "identifikatu beharko du ea adin-tarteen arteko desberdintasunak dauden, eta desberdintasun horiek diskriminazioa eragiten duten", azaldu dute. Plan berria idazten hastean, nola ez, diagnostiko-fasean lortutako emaitza eta ondorioetan oinarrituta hasi beharko dira eta planteamendua diseinatuko dute udalerrian, "mugikortasunaren alorrean antzemandako indargune eta ahulguneen arabera, lehenengoak sustatzeko eta bigarrenak zuzentzeko".

Garraio alternatiboak

Beste alde batetik, eta garraio jasangarrien erabilera sustatzeko ideiarekin, bizikleta erabiltzea bultzatzeko estrategia eta neurriak ere jasoko ditu proposamenak -hiri-ibilbideetan erakargarriagoa izan dadin txirrindula erabiltzea, motordun ibilgailuak baino-, eta bidegorri-sarea berrantolatuko du. Zentzu honetan, herritarrentzako eremu publikoa hobetzeko proposamenak ere egin beharko ditu enpresak. Plana idazteko prozesuan zehar, "garrantzi handia emango zaio herritarren parte-hartzeari. Horrela, enpresa adjudikaziodunak herritarren ekintza-plan bat diseinatuko du, zeina aktibo egongo baita dokumentua idazteko prozesu osoan zehar". Batetik, herritarren kezka nagusiak bilduko ditu, analisi eta diagnostiko fasean eta, bestetik, herritarren iradokizun eta proposamenak jasoko ditu, planaren idazketan helburuak definitzerako orduan.