Basauriko Udalak Axular kalearen atzealde eta Jazinto Benavente ingurua berriro urbanizatzeko eta bertako irisgarritasuna hobetzeko lanak adjudikatu ditu. Axular kale atzealdea, 36 eta 42 zenbaki artean, berriro urbanizatzeko obrak egingo dira. Gainera, bertako irisgarritasuna hobetzeko lanak burutuko dira, auzo honetan erosotasuna irabazteko helburuarekin.

Kale hauetan egingo den “esku-hartze horrek bilatzen du Basozelaiko auzotarren oinezko zein ibilgailu bidezko mugikortasuna hobetzea, Jazinto Benavente kalea Axular eta Karmelo Torrerekin elkartzen dituen bidean”, azaldu dute Udaletik.

Horrela, bada, “bide-zoru osoa berritu, eta jarraipena emango diote oinezkoen ibilbideari. Bestalde, ibilgailuentzako aparkalekuak berrantolatu, eta egoteko gune bat sortuko dute”. Horrez gain, eremuko segurtasuna hobetuko dute, metalezko babes-hesiak eta eskudelak jarrita. Beraz, eremu horretan hobetzeko jarduketa bat da, eta, batez ere, bertan bizi diren bizilagunen irisgarritasuna eta eguneroko bizitzako hainbat alderdi hobetzeko balioko du. Bide batez, saneamendu-sarea eta argiteria publikoa berrituko dituzte, inguru horretan burutuko diren obrak aprobetxatuz.

Jarduketa egingo den lurzati ia osoa “gune hartako atarietako auzokideen jabetzakoa da, eta, beraz, jabeen komunitateek ordainduko dute 116.491 euroko zenbatekoaren gehiengoa (horixe izan da obra adjudikatzeko aurrekontua), eraikin bakoitzak dituen metroen arabera”.

Udalak, berriz, zenbatekoaren %20 pagatuko du, zati horren jabea da eta. “Orubeak zenbait jabe dituenez, hirigintzari-irizpide bateratuekin jardun ahal izateko, Basauriko Udalak bere gain hartu du obrak kontratatzeko, adjudikatzeko eta zuzentzeko ardura, auzokideen esku jarrita erakundearen zerbitzu teknikoak eta giza baliabideak”. Obrak hasten direnetik, 3 hilabete izango ditu enpresa adjudikaziodunak berauek burutzeko.