- Basauriko Udalak urrats garratzitsu bat eman du hiri-berrikuntzako plan berezian. Pozokoetxen dagoen lursail bat salduko du. Salmenta honekin, Udalak 3,2 milioi euro inguru jasoko ditu, planarekin jarraitu ahal izateko. Enpresa adjudikaziodunak 32 etxebizitza, garajeak, trastelekuak eta merkataritza-lokalak eraiki beharko ditu bertan, eta ingurunea urbanizatu beharko du. Urrats garrantzitsu hau eman ahal izateko, gobernu taldeak udalbatzara eraman zuen lurzatia saltzeko baldintza-agiriaren puntua. Osoko bilkurak baiezkoa eman zion puntu hori onartzeari.

Basauriko Udalak San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan berezia garatzen jarraitu nahi du pauso honekin. "Orubeak 560,49 m²-ko azalera du, eta 3.440 m²-ko eraikigarritasun geometrikoa", azaldu dute udaletik. Agirre Lehendakaritik hurbilen dagoen lurzatia da, merkatu aurrean. Lizitazio-prezioa 3.216.717 euro izango da, baina lizitatzaileek salneurri hori hobetu ahal izango dute.

Aipatu beharra dago, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan bereziak hirigintza-eraldatze jarduketa sakona aurreikusten duela herrigunean. Besteak beste, aipa daitezke "kontserbazio-egoerari edo irisgarritasunari lotutako arazoak dituzten etxebizitzak botatzeko jarduketak, zenbait eraikinen birgaitze integrala (San Fausto 13 eta San Fausto 20-22), eta 254 etxebizitzaren (libreak eta babestuak) eta 24 zuzkidura-bizitokiren sustapena (alokairu bigunekoak, hain zuzen ere; batez ere gazteei zuzenduta)". Gainera, beste gauza garrantzitsua da, planari esker, udalerriko zenbait auzoren arteko komunikazioa hobetuko dela, "trenbide-trintxera gainean oinezkoentzako pasabide bat eraikita; erabiltzen ez den trenbide-multzoaren zati bat berreskuratu, eta hiri-parke bihurtuko da, eta tren-geltoki berri eta irisgarria eraikiko da".

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko HBPBa autofinantzagarria da. Zentzu honetan, Pozokoetxeko lursail honen salmentari esker, hurrengo pausoak emateko aukera izango du Udalak. Plan hau aurrera doa erritmo onean. Besteak beste, aipatzekoa da San Fausto plaza berriaren proiektua idazteko lanaren adjudikazioa, orain dela gutxi egin dena. Autonomia kalearen jarraipena izango den bidearen proiektua ere idazte-prozesuan dago ere (Agirre Lehendakaria 31 botatzea ekarriko du egitasmo horrek). "Horrez gain, iaz, Pozokoetxeko hiri-berrikuntza integralaren behin-behineko lehen jarduketa zabaldu zen, trenbide-multzoko zabalgunean. Horren aurretik, Agirre Lehendakaria 27 eta 29, eta San Fausto 4 eta 6 bota ziren". Gainera, Udalak maisu-maistren etxea zegoen orubea saldu zuen, eta, dagoeneko, proiektatutako etxebizitzak eraikitzen ari dira bertan.