Cecilia Payne taldeak irabazi du Rockeinen zortzigarren edizioaren sari nagusia. La Tokokera, Addar eta El viejo Chimangok izan dira beste saridunak. Cecilia Payne laukoteak irabazi du Rockein talde eta bakarlarien musika-lehiaketaren zortzigarren edizioaren sari nagusia. Arrigorriaga, Gatika eta Getxotik datorren taldea, joan den ostiralean izandako finalean, Airu-ri eta Wicked Wizzard-i gailendu zi-tzaien.

Tokiko talderik onenaren saria La Tokokerak irabazi du aurten, cumbia, reggae-a, merenguea, ska eta salsa uztartzen dituen taldea. Galdakaoko kide bat duen taldea da. Bestalde, Addar Bermeoko rock and roll laukotea izan da euskarazko proposamen onena eta El viejo Chimangok irabazi du Publikoaren saria. Aipatzekoa da 2.187 lagunek parte hartu dutela on line bozketan. Rockeinen finala iragan ostiralean, azaroaren 20an, izan zen, Basauriko Social Antzokian. 250 lagun bertaratu ziren. Ateratako gonbidapen guztiak agortu ziren, eta segurtasun neurri guztiak bete ziren.

Aipatzekoa da azken urteotan lehiaketak eman duen gorakada; "Rockeinen parte-hartzea % 98 hazi da, 2013ko lehen ediziotik", diote antolakuntzatik. Nerbioi-Ibaizabalen sortutako aktea beraz, "indartuz doa Euskal Herriko erreferente gisa, parte-hartze datuek, eta jasotako proposamenen berri-tzeko gaitasunak eta kalitateak erakusten dutenez".