Basauriko Udalak Artunduagako kiroldegian 784 eguzki-panel jartzeko lanak adjudikatu ditu. Nerea Renteria Basauriko Udaleko Ingurumeneko zinegotziak azaldu duenez, "obrak abendu erdialdean hasi, eta, gutxi gorabehera, hilabete eta erdiko epean amaitzea aurreikusten dugu". Panel hauek instalazioak urtean kontsumitzen duen argindarraren %30 ekoitziko dute. Estalduran jarriko da eguzki-instalazioa.

Artunduagako kiroldegian 784 eguzki-panelak jarrita, "urtean 121 tona CO2 gutxiago isuriko dira atmosferara: urtean 7.200 arbola gutxiago moztearen, edo auto batek urtean 675.000 kilometro ez egitearen baliokidea". Udal arduradunek aurreikusi dute instalazioak 338.000 kWh ekoitziko dituela urtero, eta "produkzio osoa autokontsumorako izango da". Modu horretan, Artunduagako kiroldegiaren argindar-kontsumoaren %30, gutxi gorabehera, ekipamendu fotovoltaiko horretatik hornitzea lortuko da.

Udalak 241.708 eurotan adjudikatu ditu lanak. EVE Energiaren Euskal Erakundeak 40.000 euroko dirulaguntza eman dionez proiektuari, "aurreikuspena da 5 edo 6 urtetan inbertsioa amortizatuta egotea". Basaurik "baditu lehenagotik eguzki-instalazioak, fotovoltaikoak (elektrizitatea ekoiztekoak) zein termikoak (berotze-sistemetako ura berotzen dutenak, kontsumoa gutxitzeko), udalerriko zenbait azpiegitura eta eraikinetan; Etxe Maitia adinekoen egoitzan, Basozelai eta Soloarteko futbol-zelaietan, zenbait ikastetxetan, Artunduagako kiroldegian bertan, udaletxean eta abar", azaldu du Renteriak. Eguzki-instalazio termikoek 348 MWh ekoizten dituzte urtero, gutxi gorabehera. 2019an, zehazkiago, udal titulartasuneko sarera konektatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoek 42,37 MWh sortu zituzten.

Azken urteotan, Udalak zenbait jarduketa egin ditu, energia zentzuz erabiltzea bultzatzeko eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzeko. Ildo horretatik, "bere zeregin eta eskumenen esparruan, eguzki-energia fotovoltaikoaren garapena areagotu nahi du".