Osasun-langileak omen-tzen dituen erakusketa bat antolatu dute Basaurin. Artedun Heroiak-Héroes con Arte proiektuko artelanak ikusgai egongo dira Pozokoetxe kultur etxean, abenduaren 11rarte. Artedun Heroiak-Héroes con ArteBasauriko Javi Conde Maratoi Solidarioak elkarteak Artedun Heroiak-Héroes con Arte erakusketa antolatu du. Ekimen honen helburu nagusia, covid-19aren pandemian zehar “Bizkaiko osasun-langileek egindako ahalegina esker-tzea” da, Condek azaldu duen bezala.

Lehenengo ideia edo asmoa, margolanak, artista ezberdinek emandakoak, Bizkaiko zentro mediko ezberdinetan egotea izan zen, eta “egoera aldatzen denean horrela izango da”, aipatu du Condek. Ezinezkoa denez, lanak erakustea erabaki da orain. Ideia konfinamendu garain sortu zen. “Etxealdian murgilduta geundela sortu zen ideia: ordu asko genituen pentsatzeko, hausnartzeko ea zer egin genezakeen, zelan jarri ahal genuen gure aletxoa egoera zail horretan”.

Azkenean, Facebooken lehiaketa bat egin genuen zazpi astetan zehar, zozketak egin genituen irabazleen artean, eta Señako emakume elkarte bati 5.000 maskara egiten lagundu genion (haiek guregana eta gero)”, azaldu du Javi Condek. Ekimen solidario haren ostean, “beste ideia bat sortu zen: pandemian zehar dena ematen egon diren osasun-langileak omentzea”, eta ekimen hau ez zen posible izango pertsona askoren lankidetzarik gabe.

Hamaika artista

Azken horretan, Bizkaiko hamaika artistak hartu dute parte. Ekimen honetan parte hartzeko, “beren lanak oparitu dituzte”, laster Galdakaoko, Basurtuko, Urdulizeko eta Gorlizeko ospitaleetan, San Eloyn, Santa Marinan, eta Basauriko, Etxebarriko eta Erandioko anbulatorioetan jartzeko. Condek azaltzen duen moduan, ideia martxan jartzeko “ezinbestekoa izan zen artista baten ekintza solidarioa”. Zentzu honetan, Esperanza Yunta artistak “bere lan bat eman nahi izan zigun, Facebooken beste zozketa bat egin ahal izateko” eta horrela, ekintza solidario horiekin jarraitu ahal izateko. “Orduan bururatu zitzaidan ideia ona izan zitekeela artista gehiagok parte hartzea eta, horrela, hainbeste ahalegindu diren eta oraindik egiten jarraitzen duten osasun-langileei omenaldia egitea”. Ildo horretan, erakusketa une honetan iritsi da, non berriz ere, osasun-langileek dena jarri behar izan dute herritarrei laguntzeko.

Hauek dira parte hartu duten artistak: Esperanza Yunta, Tere Ormazabal, Pedro Luis Ajuriaguerra, Juan Armentia, Agustín Sagasti, Raúl Antón eta Juan Gómez, batetik; eta Jesús Lizaso, Rodri, Koldo Etxebarria eta Manu González basauriarrak, bestetik. Ekain amaieran entregatu zituzten beren lanak, dohainik.

Laboral Kutxak eta Bertako igogailu enpresak ere laguntza eman diote proiektuari, “artelanei markoa jartzeak eragindako gastuak pagatu dituzte”, alegia. Lan artistiko bakoitza nora joango den oraindik zehaztu ez duten arren, baten batek helmuga zehatza du, beren ingurune hurbileko osasun-langileen lana aintzatetsi nahi duten tokiko artistak baitira.

oSPITAL ETA ANBULATORIOETAN

Momentuz, erakusketa abenduaren 11rarte egongo da ikusgai Pozokoetxeko kultur etxean. Herritarrek, aukeratutako zentro medikoetara eraman aurretik, erakusketaz gozatu ahal izatea da asmoa. Baina hurrengo pausoa argi dauka Condek, ekimen solidario honetan parte hartu duten artisten obra bakoitza osasun-zentro batera eraman, omenduak lan egiten duten lekuan egon daitezen.

Pauso hori osasun-egoera bere onera datorrenean egingo dutela azaldu du Condek. Orduan, egoera hobetzean, ospitale eta anbulatorioetan esekiko dituzte obrak. “Bitartean, lanak ikusgai egongo dira erakusketa honetan”, gaineratu du atleta basauriarrak.