Udalerrian gaika bildutakoaren kopuruak handitzeko helburuarekin, Basauriko Udalak garbitzeko eta hondakinak gaika biltzeko kontratu berriaren administrazio-baldintzen agiriak onartu zuen atzo, osoko bilkuran. Ingurumen-klausula eta klausula sozial gehiago aurreikusten dira, eta birziklatzen duten basauriarrei hobaria emateko aukera jaso ere. Zerbitzu berriaren helburuetako bat, gaika bildutakoaren kopuruak handitzea da. Ildo horretatik, "enpresa lizitatzaileek bermatu beharko dute sarbide-kontrola duten edukiontziak hornitu ahal dituztela, hau da, bizikidetzako unitate bakoitzerako txartel bat banatu ahalko dutela, unitate bakoitzak gaika bildutakoaren bolumena kuantifikatu ahal izateko, eta, gero, zabor-bilketaren tasan haiei hobaria aplikatu ahal izateko", diote udal gobernutik.

Hasiera batean, "organikoaren edukiontziari aplikatuko zaio sistema hori, baina, apurka-apurka, beste hondakinei ere aplikatuz joango da", azaldu du Nerea Renteria Hirigintza, Kontratazio eta Ingurumeneko zinegotziak. Bildutakoaren kopurua handitzea sustatzeko ildo horretan, zabor-sortzaile handiek ere birziklatu ahal izatea bultzatuko du Udalak. Horretarako, "hondakinak transferitzeko instalazio bat jarriko da Lapatzan, eta ahalbidetuko da industrialdeetan bertan hondakin gehiago bildu ahal izatea". Kontratuak honako zeregin hauek aurreikusten ditu: herriko kaleak garbitzea, hiri-hondakin solidoak gaika bildu eta garraiatzea (organikoa, errefusa, papera eta kartoia, hondakin handiak...), pilak eta etxeko produktu toxikoak jasotzea, eta udalerriko estolda-zuloak eta saneamendu-sarea garbitzea.

Lau urteko iraupena izango du, 2021eko otsailaren 1etik aurrera edo kontratua formalizatzen den datatik aurrera. Urtebeteko lau luzapen egiteko aukera egongo da. Urteko oinarrizko lizitazio-aurrekontua 4.616.000 euro da, eta enpresa adjudikaziodunak zerbitzura atxikitako langileak subrogatu beharko ditu.

Klausulak

Ingurumen-klausula eta klausula sozial gehiago izango ditu kontratu berriak. Horrela, hauen artean, edukiontzien %25, gutxienez, irisgarriak izango dira aniztasun funtzionala duten pertsonentzat; eta "bermatuko da kale edo etxadi bakoitzean horrelako bat egotea". Gainera, "lana eta bizitza pertsonal eta familiarra bateragarri egiteko neurriak aurreikusi beharko dira". Enpresak berdintasun plana ere eduki beharko du edo, bestela, plan hori egin beharko du kontratuaren lehen urtean.

Lanean "emakumeen eta gizonen parekidetasuna sustatuko du. Horrela, bada, Basauriko Udalarekin sinatutako kontratuak irauten duen bitartean formalizatutako lan-kontratu guztiak berdintasunezko irizpideekin hornituko dira, eta ezaugarri bera aplikatuko zaie enpresako zuzendaritza-postuei ere". Enpresa adjudikaziodunak ziurtatu beharko du "desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostu batzuk gordetzeko lege-betebeharra betetzen duela, edo, bestela, dagozkion ordezko neurriak hartu dituela". Horrela, sustatuko da lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak kontratatzea.

Zerbitzuari buruzko jakinarazpen guztiak bi hizkuntza ofizialetan egingo dira. Azkenik, energia aurreztea, berotegi-efektuko gasen isurpena gutxitzea edo Basauriko Udalaren garapen jasangarriaren estrategian aurreikusitako beste edozein plan edo programatan jasotako helburuak betetzea ahalbidetuko duen modu batean antolatu beharko da zerbitzua.

Ibilbide eta orduak. Kutsadura akustikoa ahalik eta txikiena izan beharko da, "Zarataren Aurkako 2018-2022 Planak ezarritakoarekin bat. Beraz, enpresa lizitatzaileek, beren eskaintzetan, zehaztu beharko dute zein jardunbide egoki aplikatuko dituzten, bai hondakinak manipulatzean, bai erabiliko dituzten makinei dagokienez, bai joan-etorrietan". Zentzu horretan, ibilbideak eta bilketa-orduak finkatzerakoan, "kontuan hartu beharko da jardueraren soinu-inpaktua ahalik eta gehien gutxitu behar dela" Hori lortzeko edo behintzat laguntzeko, ibilgailu elektrikoak eta zarata gutxi ateratzen dutenak erabili beharko dira posible bada.