GALDAKAO. Hurrengo ostiralean, hilak 26, Aperribai, Galdakao eta Usansoloko Topaguneek udarako antolatutako ekintzetan parte hartzeko izena emateko epea itxi egingo da. Ekintzak uztailaren 6tik 24ra egingo dira, astelehenetik ostiralera eta goizeko 10:30etik 13:30era.

Aurreko urteetan bezala, udako dinamika desberdina izango da negukoarekiko, ekintza berezi gehiago egiten direlako: tailerrak eta txangoak, batik bat. Ekintza guztiak moldatuko dira egoera berrira, eta osasungintzatik Covid-19aren inguruan emandako gomendioak jarraituko dira.

Udalak gazteen aisialdiari begira eskaintzen dituen doako zerbitzuak dira Topaguneak. 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, eta, behin inskripzio fitxa eginda, sartzeko eta ateratzeko aukera librea izaten dute. Aurten ordea, osasun egoera dela eta, aldez aurreko inskripzioa egin beharko da.

Apuntatzeko epea ekainaren 26an amaitzen da eta era telematikoan egin behar da ondorengo inprimakia betetzen.

IZEN EMATEA

Inskripzio guztiak jaso ondoren, izena eman duten pertsonekin harremanetan jarriko dira ekintzan parte hartzeko baimena sinatu dezaten. Ezin izango da ekintzan parte hartu baimenak beteta entregatu ez badira.

Osasun egoera dela eta aire zabaleko zein leku itxietako aforoa eta begirale bakoitzeko ratioa txikiagoa denez, leku mugatuak egongo dira. Plaza guztiak betetzen badira txandak egingo dituzte, ahalik eta gazte gehienek parte hartu ahal dezaten.

Informazio gehiago nahi izan ezkero, topaguneak@gmail.com email helbidera idatz daiteke.

Osasun-egoeraren aurrean topagune-zerbitzua erabiltzeko araudiari dagokionez, dokumentu hau egin dute arauak jakinarazteko.