GALDAKAO. Konfinamendu garaia zaila da pertsona guztientzat, baina bereziki adinekoentzat. Horregatik, Galdakaoko Udalak nagusien ongizaterako "Egunekoari aurre eginez" izeneko aholku-gida argitaratu du. Bertan, adineko pertsonak zaintzeko jarraibideak ematen dira.

Zerbitzu horren arduradunek jakinarazi dutenez, garai honetan normala da emozioak ohi baino biziagoak izatea: urduritasuna, haserrea, beldurra, estutasuna..., eta horregatik gure burua zaintzeko aholkuak praktikan jartzea gomendatzen dute.

Gidak honako neurri hauek proposatzen ditu:

  • Egin eguneroko plana. Hartu kontuan norberaren zaintza, etxeko garbitasuna, aisialdi orduak.... eta ezarri ordutegi finko bat.
  • Ez aldatu loaren zikloak. Oheratu eta altxatu betiko ordu berdinean. Ez aldatu erloju biologikoa.
  • Etxean gelditu. Benetan beharrezkoa bada bakarrik irten, eta irtetzekotan, prebentziorako ohiturak praktikatu (eskuak xaboiarekin maiztasunez eta ondo garbitu; eztula edo doministua egiteko estali ahoa ukolondoarekin edo erabili botatzeko zapi bat...).
  • Hautatu informazio iturriak eta dosifikatu informazioa, bestela eskuragarri dagoen informazio-bolumena izugarria denez, oreka pertsonala kaltetu dezake.
  • Teknologia berriak aprobetxatu konektatuta egoteko.
  • Egin ariketa fisikoa egunero eta hartu denbora jarduera atseginetarako (irakurri, egin eskulanak, ikusi filmak edo telesailak...).
  • Proposatu elkarbizitzarako arau errazak eta eutsi beti umoreari.

Informazio gehiago nahi izan ezkero, 944010545 telefono zenbakiaren bitartez egin ahal izango da kontsulta.