GALDAKAO. Bi orduz eztabaidatzen egon eta gero, 37.552.842 euroko aurrekontua izango du Galdakaok legealdi honetarako. Horrela onartu zuten atzo izandako biltzarrean, EH Bilduren baiezko 6 botoekin, Auzoak taldeko 3ekin, Usansolo Herriako biekin eta Podemoseko bakarrarekin. Guztira, 12 baiezko boto lortu zituen proposamenak. EAJ/PNVko 6 ordezkariek abstentzioaren alde jo zuten, eta PSEko 2 kideek eta atxiki gabeko zinegotziak ezezko botoa eman zuten. Oposizioak 23 zuzenketa egin zituzten, baina atzera bota ziren.

Guztira 23 zuzenketa aurkeztu zituzten oposizioko taldeek. Horietako hainbatekin ados agertu zen udal gobernua; are, gobernuak berriki aurkeztu zuen gobernu planean jasotako neurriak izan ziren horietako 14. Ekarpenak eskertu zituen Iñigo Hernando alkateak, baina gobernu planean bildutako proiektuak datozen urteetan gauzatzea aurreikusita dagoela azaldu zuen, eta gainontzekoak egikaritzeko aurre lanketa beharrezkoa dela. Hartarako gonbita luzatu zien, beraz, oposizioko taldeei; ados dauden proiektuetan elkarlanean aritzekoa. Hain zuzen, aurrekontuak onartzera arteko bidean lanketa hori egiteko asmoa zuela adierazi zuen alkateak; osoko bilkurara iritsi aurretik akordioak lortzea zela bere nahia. Oposizioak zuzenketak plenoaren bezperan aurkeztuta, ordea, negoziazio hori ezin izan dela egin azaldu du.

Bai alkateak, bai udal gobernua osatzen duten talde guztiek eta bai oposizioko taldeek pena adierazi zuten adostasunak lortu ez izanagatik. Baina aurrera begirako jarrera ona azaldu dute alde guztiek eta bat egin zuten adierazpen batean: "Oraingoan ezin izan da baina aurrera begira akordioetara iristeko prest gaude". Are, akordioak erdietsiko dituzten ustea azaldu zuten.