Galdakao - Aurrerapauso garrantzitsua eman du Oxabi erromeria taldeak. Hamahiru urte eta gero, taldeak bere lehen abesti propioa kaleratu du. Espero dena da abesti honen izenburua. Mezu positibo bat du kanta honek. Taldekideek diotenez, “komunikabideak piztea baino ez dago munduan egunero gertatzen diren ezbeharrez ohartzeko, eta horrek gazteengan ere eragin zuzena duela uste dugu Oxabiko zazpi kideok”.

Hain zuzen ere, “albiste txarrak direlako, zure ingurukoek zugandik espero dutena ez zarelako edo sare sozialen bitartez gure buruari exijitzen diogun irudiaren exijentzia maila altua delako, oso tarte gutxi geratzen zaizkigu bakoitza den horretaz gozatzeko”. Espero dena abestiarekin guzti hori hautsi eta “jendarteari eta bereziki gazteriari, alaitasuna, positibismoa eta norbere buruan sinisteko indarra eskaintzeko asmoz” sortu dute.

Urte askotan zehar, “plazarik plaza gure inguruko kantu eta dantzarik ezagunenak jo eta kantatzen ibili ostean, gure lehen kantu propioarekin ausartu gara”. Zentzu honetan, Oxabi erromeria taldeak 2006tik dabil Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, “ehunka plaza alaitzen, dantzan eta kantuan egitekoak edo, beste barik bada ere, gorputzari pozaldi uneak eskaintzeko abestiak interpretatzen”. Orain, zerbait propioa ateratzeko unea dela uste dute.

“Hamahiru urteko ibilbide luze horretan, oraindik gazte-gaztea den taldeak, beti jo eta kantatu izan ditu besteen lanak, noski, horretan oinarritzen direlako erromeria taldeak”. Baina pausu berri bat eman eta “abesti propio berriarekin frogatu nahi izan dugu”, diote. - I. U.