Gabonak direla eta, Galdakaoko Udalak hainbat ekimen prestatu ditu herritar guztiek, helduek zein gazteek, Gabonetako giroaz goza dezaten. Jarduera horietako batzuk kalean egingo dira eta trafikoan eragina izango dute.
Horregatik, Galdabusak abenduaren 24an eta 31n egokitu egingo ditu bere ordutegiak. Zehazki, egun horietan bi lineen zerbitzua arratsaldeko 16:00etan amaituko da. Lehenengo egunean, Olentzerori eta Mari Domingiri ongietorria emateko kalejira dela eta. Abenduaren 31n, berriz, San Silvestre lasterketa egingo delako, Galdakao Atletismo Taldeak antolatuta.
Gainera, abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a jaiegunak dira, eta beraz, ez da Galdabusa zerbitzurik izango egun horietan.
Gabonetako Haur Parkea
Bestalde, abenduaren 26an eta 27an Gabonetako Haur Parkea izango da Elexaldeko kiroldegian. Horregatik, urtero bezala, gune horretaraino iritsiko den autobus zerbitzu berezia jarriko du Udalak, Galdabusatik aparte. Horrek Juan Bautista Uriarte kaletik, udaletxe parean dagoen autobus geltokitik, Elexaldera doan ibilbidea egingo du, bi norabideetan, goizeko eta arratsaldeko ordutegian.
Autobus zerbitzu hori 11:15etik 12:15era ordu laurdenero abiatuko da udaletxetik, goizean. Arratsaldez 16:45etik 17:45era. Bueltako bidaia, berriz, 13:00etatik 14:00etara bitartean abiatuko da ordu laurdenero Elexaldetik, goizez. Eta, arratsaldez 18:15etik 19:15era, ordu laurdenero ere.
Tarte bakoitzeko lehen autobusa Bengoetxetik abiatuko da (10:45 eta 16:15) eta bigarrena Aperribaitik (11:10 eta 16:40), eta horietara ere bueltatuko da Haur Parketik irteten den azkena (14:30 eta 19:45).
Autobusa egokitua izango da eta mugikortasun urria duten pertsonek lehentasuna izango dute. Zerbitzua doakoa izango da.