Amorebieta-Etxanoko Udalak Santiago Onaindia Ikerketa Bekaren XIX. edizioko bekaduna aurkeztu zuen herenegun goizean udaletxeko Etxano aretoan egindako prentsaurrekoan. Beka horren helburua da euskarazko sorkuntza intelektuala bultzatzea eta euskal literaturari begirada berriak ematea.

Edizio honetako bekaduna Cira Crespo historialaria eta kazetaria da. Hamarkada bat baino gehiago darama Euskal Herrian bizitzen, eta ibilbide luzea du euskal historia ikuspegi feministatik zabaltzen. Bere proiektuaren izenburua honakoa da: “Euskal emakumeen pizkunde literarioaren sustraiak (1899-1922). Irakurketa dekolonial bat”. Lan honen helburua da emakumeek euskaraz idatzitako lehen literatura-testuak berreskuratzea eta aztertzea, Emakume Abertzale Batza sortu aurreko aldian.

Proposamena hipotesi argi batean oinarritzen da: 1936 aurreko belaunaldi literario femenino bat existitzen dela, eta hori historiografiak zein kritikak alde batera utzi dutela. Crespok irakurketa dekoloniala proposatzen du testu horiek berrinterpretatzeko, haien balio politikoa, literarioa eta kulturala kontuan hartuz, generoaren eta hizkuntzaren araberako marjinazio bikoitzaren testuinguruan. Lanak, besteak beste, oso ezagunak ez diren Juliana Agirrezabala, Karmele Errazti edo “Lili artean” taldea aztertuko ditu, eta batez ere XX. mendearen lehen hereneko euskarazko prentsan oinarrituko da.

Lourdes Iriondoren aurkezpena: Bide-urratzaile – Santiago Onaindia XVIII. beka

Era berean, agerraldian bekaren XVIII. edizioari dagokion lanaren aurkezpena egin da, Alexander Gurrutxaga Muxikak eta Lorea Jainaga Albizuk garatutakoa. Bi urtez egindako ikerketa honek “Lourdes Iriondo, Bide-urratzaile” izenburua du, eta Lourdes Iriondoren irudiari balio kritikoa ematen dio, ez bakarrik euskal musika modernoaren aitzindari gisa, baita frankismoaren urte gogorretan euskarazko haur literaturaren lehen sortzaileetako bat bezala ere.

Azterlanak bere ekarpen musikala zein literarioa jorratzen ditu, Iriondok oraindik erabat finkatu gabe zegoen euskal literatura sisteman izan zuen papera eta errepresio garaian euskal kulturarekin izan zuen konpromisoa nabarmenduz. Lanak material argitaragabeak berreskuratu ditu, eta irakurketa feminista eta berdintasunaren ikuspegitik egina da, Iriondoren ondarea gure historia kulturalaren funtsezko zati gisa aldarrikatzeko.

Ekimen horien bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskarazko ikerketa eta euskal literaturan funtsezkoak izan diren figuren aintzatespena sustatzen jarraitzen du, kultura kritiko, sortzaile eta konprometituaren aldeko apustua indartuz.