Bizkaiko Foru Aldundiak laguntzen beste deialdi bat ireki du lurraldeko udal eta mankomunitateentzat, 2026an garatu ditzaten energia jasangarriarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin lotutako proiektuak. Programak 2.215.000 euroko aurrekontua du, eta, haren bidez, udalerriei lagundu nahi zaie energia-kontsumoa murrizteko, energia berriztagarriak sustatzeko eta herritarren ongizatea hobetzeko ekintzak abian jar ditzaten.

Deialdi honen helburua da udalerriei eredu energetiko garbiago eta efizienteago baterako trantsizioan aurrera egiten laguntzea, eta, emisioak murrizteaz gainera, aurrezpen ekonomikoa ekarriko duten eta ingurunearen kalitatea hobetuko duten proiektuak garatu ahal izatea. Ekimena Bizkaiak lurralde berdeago eta jasangarriago bihurtzeko hartutako konpromisoaren parte da.

Jarduketak

Laguntzen bidez, hainbat jarduketa mota ordainduko dira. Alde batetik, planak eta azterlanak egiteko laguntza emango da, udalek beren energia-kontsumoa hobeto planifikatu dezaten edo kontsumo hori murrizteko zer neurri dauden jakin dezaten. Tokiko energia-komunitateak bultzatzeko proiektuak ere finantzatuko dira; formula horrek aukera ematen die bizilagunei, dendei eta administrazioei beren energia berriztagarria ekoizteko eta elkarrekin erabiltzeko, normalean eguzki-instalazioen bidez.

Aurrekontuaren beste zati garrantzitsu bat eraikin publikoetan energia berriztagarriak instalatzera bideratuko da, hala nola ikastetxeetan, frontoietan, kultura-etxeetan edo kirol-instalazioetan. Horren barruan, eguzki-panelak, geotermia edo biomasa bezalako sistemak sartuko dira, zeinek ahalbidetzen baitute energia tradizionalarekiko mendekotasuna murriztea eta udal-gastuak txikitzea.

Gainera, deialdiari esker, eraikin publikoen energia-efizientziaren arloko finantzatu ahal izango dira. Azken arlo horren barruan honako hauek sar daitezke: leihoak berritzea, isolamendua, berokuntza- edo argiztapen-sistemak, eta eguneroko energia-kontsumoa hobeto kontrolatzeko sistemen instalazioa.

Laguntzak eskuragarri daude Bizkaiko udal eta mankomunitate guztientzat; horretarako, bide telematikoz aurkeztu beharko dute eskabidea. Epea 2026ko martxoaren 2ko 17:00ak arte egongo da zabalik.