Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak Bizkaiko Ekintzailetza Eskola aktibatu du, Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak (Dema) kudeatutako online plataforma bat, non tresna digital aurreratuak eskaintzen baitira. Haren ikuspegi pedagogikoa diseinatuta dago ekintzailetza-prestakuntza herritar guztiengana hurreratzeko. Baliabide publiko berri horren sorrerako helburua da edonork diseinatu, indartu edo abiarazi ahal izan dezala enpresa-proiektu bat. Horretarako, sostengu espezializatua, eduki egokituak eta etengabeko sarbidea eskaintzen zaizkio, edozein delarik hasieran duen egoera edo bizilekutzat duen udalerria.

Teresa Laespada, Enplegu, Kohesio eta Berdintasuneko diputatuak, azpimarratu du "Ekintzailetza Eskola dela autoenplegua eta ekintzailetza profesionalizatzeko Bizkaian dugun erantzun berritzailea. Kalitatezko enplegua da gizarteratzeko tresnarik onena, eta, ziurgabetasun ekonomikoak eta teknologia-azelerazioak markatutako testuinguru honetan, ekintzailetzak laguntza publiko eta prestakuntza eskuragarria behar ditu. Tresna honek bertako ekintzailetzaren aldeko gure apustua indartzen du; gure auzo eta herriei bizia ematen dien ehun hori, herritarrentzat zein Bizkaiko egitura ekonomikoarentzat funtsezkoa dena. 

Lehen lan-ildoa: ibilbide integral bat, ekintzailetzan zorroztasunez eta berdintasunean jarduteko

Eskolak ardatz duen ibilbide nagusia diseinatuta dago jarduera ekonomiko bat hasi nahi dutenentzat. Ibilbidea ekintzailetzako gaitasunei buruzko modulu batekin hasten da, adimen artifizialean oinarritutako tresna batean funtsatuta, zeinak aukera ematen baitu trebetasunak eta hobekuntza-arloak identifikatzeko.

Hortik aurrera, erabiltzaileak aurrera egiten du hainbat gela tematikotatik, zeinek era progresiboan jorratzen baitituzte enpresa-proiektu baten funtsezko elementuak: hasierako ideiaren analisia, merkatu-azterketa, kostuen egitura, inbertsioa, betebehar fiskal eta administratiboak, eta estrategia komertzialak, komunikazioa eta digitalizazioa. Plataformak, gainera, eduki praktikoen bidez erakusten du adimen artifizialeko tresnak nola erabili kudeaketa eta jarduera ekonomikoari aplikatuta.

Materialok, Bizkaiko profesionalek prestatu baitituzte, pedagogikoki egokituta daude, eta zenbait eratan aurkezten dira: azalpen-bideoak, ikus-entzunezko baliabide laburrak eta agertoki errealei aurrea hartzen laguntzen duten simulazioak. Ikuspegi horri esker, askotariko prestakuntza-profilak dituzten pertsonek -gaztelaniaz edo euskara ez dakitenak barne- berdintasun-baldintzetan aurrera egin ahal izango dute. Ibilbidea osatutakoan, eskolak ziurtagiri bat ematen du.

Bigarren lan-ildoa: abian diren enpresentzako eguneraketa eta digitalizazioa

Plataformak badu orobat dagoeneko abian diren enpresentzako gune bat, jakintza eguneratzera eta enpresa-kudeaketa indartzera bideratua. Bertako baliabideen artean, nabarmentzekoa da Salmenta Eskola, Madrilgo Unibertsitate Autonomoari lotutako Salmenten Unibertsitate Eskolarekin lankidetzan garatua. Merkaturatze-, negoziatze- eta ixte-tekniketan zentratutako edukiak eskaintzen ditu.

Modulu honekin batera, eskolak AA eskaintzen du enpresentzat. Hirurogeitik gora bideo daude lau bloketan egituratuta, zeinetan esplikatzen baita adimen artifizialeko tresnak nola aplikatu eguneroko kudeaketa-lanetan, bezeroekiko harremanetan eta marketinean. Eduki hori sarbide irekikoa da, ez dago erregistratu beharrik, edozein pertsona edo negozio ingurune digital berriarekin trebatu ahal izatea bermatzeko.

Hirugarren lan-ildoa: prestatzaileak prestatzea, lurralde-kohesioa indartzeko

Hirugarren lan-ildoa Bizkaian ekintzailetzari bidelaguntza egiten dioten profesionalentzat da. Etengabeko prestakuntzarako gune horrek eduki eguneratuak eskaintzen ditu hainbat gairi buruz, hala nola: araudia, sostengu-metodologiak, esku hartzeko tresnak eta joera emergenteak. Helburua da lurraldeari bidelaguntza homogeneo, sendo eta inklusiboa eskaintzea, halako moldez non ekintzaile guztiek jasotzen duten sostengua baliokidea izan dadin, beren jarduera non gauzatzen duten aintzat hartu gabe.

Eskola eboluzionatzen ari den plataforma gisa ulertzen da, eta edukiak eta baliabideak gehiagotzen joango da, prestakuntza-beharrizan berriak eta erronka emergenteak identifikatu ahala lurraldeko ekosistema ekintzailean.

Fase pilotuan kontrastatutako emaitzak

Eskola fase pilotuan hasi zen jardunean duela hilabete batzuk. Horri esker, posible izan da baldintza errealetan probatzea eta haren funtzionamendua askotariko ekintzaile-profiletara egokitzea. 404 pertsonak burutu dute prestakuntza-ibilbidea, eta 152 gehiagok irailetik; guztira, beraz, 556 pertsonak lortu dute ziurtagiria. Plataformak, halaber, 1.000 matrikularen muga gainditu du eta Bizkaiko ekosistema ekintzaileko 29 erakunderen partaidetza izan du, besteak beste: Dema, Bilbao Ekintza eta Bilboko Merkataritza Ganbera.

Gogobetetze-inkestek harrera oso ona islatzen dute: ikasgela guztiek 5etik 4,4 puntu edo gehiago izan dituzte. Horrek agerian uzten du eredu erabilgarria eta argia dela, eta askotariko beharrizan eta ibilbideetara egokitzeko gai dela.