Egitasmoaren lehen urtean, diagnosiaren gainean oinarrituta hainbat ekintza zehaztu eta abian jarri dira. Honako hauek dira gaur egun martxan dauden jarduera nagusietako batzuk:

Euskararen Kriseiluak, familia transmisioan eta etxeko erabileran arreta jartzen du. Eremu intimoan euskararekiko gogoeta eta konpromisoak sustatuz. Dagoeneko 298 familiarekin egin da lan, 12 ikastetxeren bitartez Balmasedan, Zallan, Sopuertan, Alonsotegin eta inguruko herrietan.

Elkarrizketa Musikatuak, gazteentzako topaguneak dira, kulturgile erreferenteek euren bizipenak partekatzen dituztenak. Musika aitzakiatzat hartuta, Mungia, Ondarroa, Ermua, Gernika-Lumo, Amorebieta-Etxano eta Arrigorriagako DBH1 eta DBH2 mailako ikasleekin egin da lan.

Bi programa hauek —Euskararen Kriseilua eta Elkarrizketa Musikatuak— Tauparen ibilbide luzeko egitasmo sendoak dira, eta Bizkaian Bagara-ren ardatz nagusi bihurtu dira.

Bestalde, Auzoko Elkarrizketak herritarren arteko harremanak eta auzoko bizitza euskaraz bizitzeko espazioak sortzea dute helburu. Sentsibilizazio eta aktibazio dinamika berriak garatzen dira bertan, eta orain arte Erandio, Sestao eta Galdakaon antolatu dira saioak.

Era berean, tokiko euskaltzaleen sareak indartzeko gogoeta eta parte-hartze saioak ere abian daude Urdulizen eta Abanto-Zierbenan. Euskaltzaleei aktibazio eta ahalduntze aukerak eskaintzen zaizkie, euskararen aldeko mugimendu zabala sendotzeko.

Etorkizunera begira, Bizkaian Bagara egitasmoak norabide berean jarraituko du, herritar gehiagorengana hurbilduz eta lurralde osoko eskualdeetan euskararen erabilera aktibatzeko lan eginez.