Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioa aurkeztu du Bizkaiak
Programaren barruan doako 250 kultura-proposamen baino gehiago eskainiko dira urri osoan zehar
Astelehen honetan goizean, irailaren 15ean, Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioa aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak, doako 250 kultura-proposamen baino gehiago eskainiko dituen programa batekin. Aurkezpenean Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Bernardo García de la Torre edukien koordinatzailearK eta programazioan sartutako jardueren antolaketan parte hartzen duten kultur eragileen ordezkaritza zabal batek hartu dute parte.
Finkatutako kultura-ekitaldiak diren Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiak 25. edizioa izango du aurten, eta, bertan, protagonismo berezia izango du arkitektura-ondareak. Aurten Bizkaiko beste edozein ediziotan baino antolatzaile gehiagok parte hartuko dute, eta inoiz baino jarduera gehiago eskainiko dira. Urrian zehar, 160 erakundek (54 udal, 79 kultura-entitate, 27 museo) antolatutako 250 kultura-jarduera baino gehiagok herritarrengana hurbilduko dute Bizkaiko arkitektura-aberastasuna eta -aniztasuna.
Leixuri Arrizabalagak azpimarratu duenez "25. Urte ez dira edonola betetzen eta horregatik aurtengo eskaintza inoiz baino zabalagoa da: aurten Bizkaiko beste edozein ediziotan baino antolatzaile gehiagok parte hartuko dute eta inoiz baino jarduera gehiago eskainiko dira. Aurton ere, Foru Jauregiak, 125. Urteurrena ospatzen du. Bilboko eraikin enblematikoenetako bat eta Bizkaiko ondarearen ikurra. Eta ez dago efemeride bikoitz hau ospatzeko modu hoberik 2025eko Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egitea baino." Arrizabalagak jardunaldien garrantzia goraipatu du "Bizkaiko Foru Aldundiak ehun eragile cultural baino gehiagoren eskutik koordinatutako lanari esker, elkarlanean aritzeko sare sendo bat sortu da, eta Bizkaia erreferente bihurtu da ondarearen alorrean, baita Europan ere.
2025eko programazioak bi ildo tematiko nagusi izango ditu ardatz. Alde batetik, arkitektura garaikidea nabarmenduko da, arreta berezia jarrita azken ehun urteetako eraikin eta eraikuntzetan —zeinak sarritan ezezagunak edo gutxi baloratuak baitira—, bai eta lurraldearen identitate sozialean eragina izan duten auzoetan eta hiri-inguruneetan ere. Bestalde, historia-ondareari ikuspegi berritu batetik helduko zaio, eraikin enblematikoetako esku-hartzeei eta eraikin horietan izandako erabilera-aldaketei buruzko bisitekin eta eztabaidekin, eta tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka aztertuko da.
Gainera, edizio honen berritasun izango da «Lurralde gonbidatua» atala, oraingo honetan Bizkaia Kantabriarekin lotuko duena.
Arkitektura-ondarea publiko zabal eta anitzarengana hurbiltzeko, jardunaldietan, ohiko formatuetako jarduerez gain, honako hauek gehitu dira, besteak beste: maketa- eta marrazki-tailerrak, argazkigintza-lehiaketa eta -tailerrak, eraikuntzako fabrika eta tailerretara bisitak, ikus-entzunezko proiekzioak, musika- eta antzerki-emanaldiak ondare-espazioetan, gaueko ibilbide arkitektonikoak eta gazteenei zuzendutako jarduerak.
Duela 25 urte sortu zirenetik, Ondarearen Europako Jardunaldiek, Bizkaian, 200 eragile baino gehiago sartu dituzte tartean, askotarikoak —udalak, kultura-elkarteak, ikastetxeak, artisauak, profesionalak eta, oro har, herritarrak—, eta ondare-komunitate sendo bat sortu dute, kultura-ondarea hedatzearekin, kontserbatzearekin eta baloratzearekin konprometitua.
Urriko programak Bizkaiko arkitektura-ondarean islatzen diren historia, artea eta eguneroko bizitza ezagutzeko 250 jarduera baino gehiago izango ditu. Ondarea gizartera hurbiltzeaz gain, ondare horrek etorkizunean izango dituen erronkei eta desafioei buruzko hausnarketa sustatu nahi du ekimenak.
Hartara, 2025eko Ondarearen Europako Jardunaldiak, Bizkaian, funtsezko espazio bihurtuko dira lurraldearen kultura-identitatea interpretatzeko eta bizitzeko, parte-hartze aktiboa eta tradizioaren, modernitatearen eta jasangarritasunaren arteko elkarrizketa sustatuz.
Bizkaiko arkitekturari lotutako askotariko jarduerak
Ondarearen Europako Jardunaldietan Bizkaian eskainiko den programa anitza eta aberasgarria izango da. Hala, 76 udalerritan, 250 kultura-jardueratik gora egingo dira, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuta.
Tailerrak
Ondarearen Europako Jardunaldietan, Bizkaian, adin guztietarako hainbat tailer egingo dira, hala nola marrazki-tailerra eta arkitekturako zurezko arotzeriakoa Abanto Zierbenan, arkitektura-ondarea irudikatzeko 3D inprimaketakoa Getxon, umeentzako teilak sortzekoa Elorrion, eta arkitektura-maketak egitekoa Trapagaranen. Balmasedan tailer bat eta bisita bidatu bat egingo dira Bizkaiko beirateei buruz, eta Berrizen, aukera egongo da bola-jokoaren inguruko tailer baten parte hartzeko. Euskararen Etxean, familia-tailer batean komunitatearen ideia landuko da jolasaren eta arkitekturaren bidez. Itsasmuseumen, haurrentzako tailer batek Bilboko itsasadarreko zubiak ezagutzeko aukera emango die umeei, pista-joko baten bidez. Tailerra amaitzeko, eskulan bat egingo da, eta bakoitzak bere zubia eraikiko du.
Bisita gidatuak eta ibilbideak
Programazioaren barruan, historia- eta arkitektura-ondarea ezagutzeko bisita eta ibilbide gidatuen eskaintza zabala egongo da. Nabarmentzekoak dira arkitektura garaikidea (1868-2020) Amorebieta-Etxanon, bisita musikalizatua Artean, Malaxerara ibilbide gidatua Aulestin, eta arkitektura ezagutzeko gaueko bisita Balmasedan. Barakaldon ibilbide bat egingo da langileen etxebizitzetatik, Basaurin La Basconiako nabeak bisitatuko dira, eta Bilbon hainbat bisita gidatu eskainiko dira: Basurtuko Ospitalera; Bizkaiko Foru Jauregira; Udal Artxibora, arkitektura-proiektuak ezagutzeko; Zazpikaleetara eta geltokietara; Casilda Iturrizar parkera, eta ehun urteko historia duen Tomás Camacho ikastetxera.
Diman, baserriak XVI. mendetik XIX. mendera izan duen bilakaera aztertuko da; Ean, Urtubiaga burdinola eta errotako ur-arkitekturak, eta, Etxebarrian, Antsotegiren 600 urteko historia, burdinolatik hotelera. Galdakaon, dinamitaren inguruan eraikitako munduaren inguruan egingo da ibilbide bat; Gamiz-Fikan, berriz, Bilboko 1937ko Burdinazko Gerrikoaren arkitektura bisitatuko da. Gautegiz-Arteagak erromatarrak erakarri zituen harri gorri enblematikoaren ibilbidea eskainiko du, eta Gernika-Lumon, Jai Alai ikusi ahal izango da, arkitekturako maisulana. Ispasterren aukera egongo da euskal baserriaren herria ezagutzeko, Iurretan ibilbide bat egingo da hilerriaren arkitekturan barrena, eta Laukizen bisita gidatuekin ospatuko da Beheko Eskolaren mendeurrena.
Lemoan zementuaren fabrikazio-prozesua ezagutu ahal izango da. Santurtzin bisita gidatuak eskainiko dira San Juan de Dios Ospitalera. Sopuertan meatze-ondare ezkutua ezagutu ahal izango da Sorpresa meategian barrena ibilbide bat eginez, baita eliza modernoak bisitatu ere. Urduñan, arkitekturaren eta horma-pinturaren arteko elkarrizketa sortuko duten ibilbideak egingo dira.
Zeanurin, ferra-tailerra, Errotabarri errota eta Barazarreko jauzi hidroelektrikoaren aztarna arkeologikoak bisitatuko dira. Ugaon, bisita antzeztu baten bidez, XVIII. mendeko obra-maisu nagusi baten historia ezagutu ahal izango da, eta maisu horrek, bertaratutakoen laguntzarekin, Urduña eta Gaztela arteko bide zaharra konponduko du.
Hitzaldiak eta solasaldiak
Muskizen Butroe eta Muñatones arteko dorreei eta Kantauri itsasoko ertzeko burdin lanaren arkitekturari buruzko hitzaldiak emango dira. Portugaleten arkitektura- eta kultura-ondare berriari buruzko hitzaldi bat antolatu da, eta Zaldibarren historia eta musika uztartzen dituen hitzaldi musikatua eskainiko da, herriko ondarea bertaratuengana hurbiltzeko.
Euskaltzaindiak 'Gure bazterrak: baserriak eta etxe ez direnak' aurkeztuko du, paisaia tradizionala eta bere eraikuntzak aztertzen dituzten bi hitzaldirekin. Bilbon, Foru Liburutegian emango den 'Klasikoak berreraikitzen' zikloak Bizkaiko arkitekturari buruzko ikerketen mende bat baino gehiago aztertuko du.
Kultura-ikuskizunak eta -jarduerak
Erandion dantza, musika eta antzerkia konbinatuko dituen «Erandio» ikuskizunaz gozatu ahal izango da. Getxon, bestalde, musika-irakurketak eta Begoñako puntatik zuzenean egingo den irratsaio bat proposatu dira, kultura-eskaintza askotariko eta parte-hartzailea osatzeko.
25 urte kultura eraikitzen Bizkaian
Bizkaiak Ondarearen Europako Jardunaldien etengabeko koordinazioaren 25. urteurrena ospatzen du 2025 honetan. Kultura-programa hori euskal kulturaren arloko ondare-ekitaldi garrantzitsuenetako bat izatea lortu du.
Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako ahalegin kolektiboak lankidetza-sare sendoa osatu du, eta Bizkaia erreferentziazko ondare-komunitate gisa finkatu du; Europaren onespena ere jaso du.
Edizio bakoitza pertsona askoren ahalegin kolektiboaren emaitza da; gaur egun, 200 eragilek baino gehiagok parte hartzen dute, eta, horrela, kultura-ondarea zabaltzeko, balioesteko eta kontserbatzeko konpromiso kolektibo eta zeharkakoa islatzen da.
Jardunaldiok ondarea babesteko, ikertzeko, zabaltzeko eta kontserbatzeko ekimenak sortzea sustatu dute, eta kezka komun bat partekatzen duten eragile askoren arteko interakzioa sustatu dute: ondare-balioak zaintzea eta zabaltzea.
Edizio bakoitzerako gai desberdin bat proposatu izan denez, ondarearen ezagutzan sakondu ahal izan da hainbat ikuspegitatik: tipologiak, testuinguru historikoak, sortzaileen pentsamoldea eta ondarea kontserbatzearen garrantzia. Gaien hautaketa horrek ondarearen kontzeptuaren beraren eta hura osatzen duten elementuen bilakaera islatu du. Orain ohikoak diren kontzeptuak, hala nola ondare immateriala, paisaia, lurraldea eta ondare-komunitateak, ezezagunak ziren duela 25 urte.
Azken 25 urteotako gaiak
Urriarekin batera, urtero, ondareari ikuspegi askotatik heltzeko aukera ematen duen gai desberdin bat proposatzen dute, arreta berezia gizarteratzean, iraunkortasunean eta parte-hartze komunitarioan jarrita. Industria ondarea (2001); Berreskuratutako ondarea (2002); Bizkaiko abadiak, komentuak eta monasterioak (2003); Burges etxebizitzak Bizkaian (2004); Ibilbidea Bizkaiko hiribilduetan zehar (2005); Burdinaren paisaiak (2006); Jaurerriko zelatariak: harresiak, dorreak eta gotorlekuak (2007); Baserriko bizimoduaren eta ofizio tradizionalaren ondarea (2008); Bizkaia bideetan zehar (2009); Artea eta pentsamendua (2010); Bizkaia Ilustrazioaren garaietan (2011); Baikortasun garaia:1475-1525 (2012); Atzokoa biharko (2013); Etxez etxe (2014); Burdina (2015); Etxetik kanpo: migrazioak eta kultura-ondarea (2016); Paisaia Bizia. Bizkaiko paisaien eraikuntza (2017); Emakumeen emaria (2018); Ondarea plazara! Gure kultur ondarea, plazara (2019); Ondarea eta hezkuntza (2020); Guztion ondarea, denok parte! Ondare irisgarri eta inklusiboa (2021); Ondarea loratuz, gozatu! Ondare jasangarria (2022); Ondarea bizirik! (2023); Bide, sare eta loturen ondarea (2024); eta edizio honetan gaia arkitektura-ondarea da (2025).
Temas
Más en Bizkaia
-
Abierto el plazo de inscripción para el taller de teatro en Bermeo
-
Sebastián Yatra se viste de rojiblanco y emociona al público en su visita al Bilbao Arena
-
Durangok 'GOOGAZ: Gazteria eta errealitate birtuala berdintasunaren alde' jarduera jasoko du
-
La alubiada de la Cofradía de Ugao congrega a 235 comensales