Kultura eta sormena izango dira protagonista Lekeition aste honetan zehar Loraldiaren edizio berri batekin.

Euskal kultura garaikidearen transmisioan eta euskal kultur industriaren sustapena helburua duen ekimenak bi proiektu garrantzitsu jarriko ditu martxan ekainaren 23tik 26ra Lekeition.

Batetik, Lekeitioko Sormen Asteak egitarau artistiko eta kultural berritzailea eskainiko du laugarrenez, formatu txikian.Bestetik, Udako Sormen-egonaldiak gazte sortzaileei topagune eta lan-eremu egokia eskainiko die, artista ezagunen tutoretzapean.Bi ekimenek bat egiten dute datetan eta euskarazko kulturaren garapenean duten garrantzian.

Sormen Asteak egunero jarduera bat eskainiko du

Sormen Asteak, euskarazko kultura garaikidea eta berritzailea izango du ardatz. Bertan, musika, teatroa, ikus-entzunezkoak, literatura, dantza eta esperientzia digitalak uztartuko dira, herriko hainbat txokotan. Horrela, astean zehar, egunero jarduera bat eskainiko da, eta emanaldiaren ondoren, sortzaileekin solasaldia egiteko aukera izango da.

Emanaldien artean, Loraldiaren Sormen Digitala Bekaren irabazlea den Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrikaren proiektuaren estreinaldia; Eulalia Abaitua, lehen emakumezko argazkilariari buruzko ikuskizuna Lide Hernando eta Maria Urcelay-ren eskutik; Ines Osinaga, Yaima Orozco, Irina Gonzalez eta Garazi Egigurenen musika eta dantza emanaldia; eta Ana Galarraga eta Pettiren ‘Frankestein Agurgarria’ ikuskizun literario eta musikala, Miren Agur Meabe lekeitiarraren partaidetzarekin.

Sarrerak 5€ eta 10€ arteko kostua daukate eta dagoeneko badaude loraldia.eus webgunean salmentan.

Udako Sormen-egonaldietan 7 proiektu hautatu dira

Bestalde, Loraldiaren Udako Sormen-egonaldiak ekainaren 23tik 26ra bitartean egingo dira Lekeition. Bertan, 7 proiektu hautatu dira, guztira 19 gazte sortzaileren parte-hartzearekin.

Egonaldiak espazioa, denbora eta tutoretza profesionala eskainiko dizkie parte-hartzaileei, beren sormen-proiektuak garatu ahal izateko.

Tutoretza talde bakoitzeko eragileentzat erreferente diren sortzaileek eskainiko dituzte. Besteak beste, Izarok eta Ines Osinagak edota Hortzmuga kale antzerki konpainiak eskainiko diete laguntza sortzaile gazte hauei.

Lau egun hauetan, diziplina ezberdinetako sormen berriei hastapena emateko aukera izango dute gazteek. Sormen-egonaldiak diziplina anitzeko gazte sortzaileen sormen-prozesuak bultzatzea du helburu.