Gaur egun, prestakuntza eta lan aukerak gero eta anitzagoak dira, teknologia berrien gorakada eta gizartearen ohituren etengabeko aldaketak direla eta, besteak beste. Testuinguru horretan, Galdakaoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta gazteen zalantzak argitzeko asmoz, bokazio orientazio saio batzuk antolatu ditu. Topaketa horietan, egun dauden aukera akademikoak eta profesionalak azaltzeaz gain, lan merkatuaren eskaera ere aztertuko da.

Saioak otsailaren 10ean eta 17an, astelehenak, eta hilaren 12an eta 19an, asteazkenak, izango dira, Udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta Torrezabaleko erakusketa aretoan. DBHko 3. eta 4. zein Batxilergoko 1. mailako gazteei eta haien familiei zuzenduta egongo dira. Talde bakoitzak bi saiotan parte hartuko du, eta saio bakoitza bi ataletan banatuko da: bat gazteentzat (17:00-18:45) eta bestea gurasoentzat (19:00-20:45).

Topaketei dagokienez, lehenengo saioan arlo pertsonala landuko da: zeharkako trebetasunak, gaitasunak, bokazio profesionala eta erabakiak hartzeko orduan laguntzen gaituzten gaiak eta esperientziak jorratuko dira; bigarrenean, berriz, hezkuntza eskaintza (unibertsitatea, LH, modalitateak, etab.) eta lan merkatuaren egoera aztertuko dira, hurbileneko inguruneko errealitatea kontuan izanik.

Hezkuntzatik lanerako trantsizioa ziurtasun gabeziak eta zailtasunak izaten dituen prozesu bat da. Horregatik, Udalak dituen tresna guztiak jartzen ditu gazteen eskura etorkizun egonkor eta gogobetegarri bat izan dezaten. Beraz, gazteak eta haien familiak topaketa horietan parte hartzera animatzen ditu.

Gurasoek eta gazteek batera eman behar dute izena, eta gehienez 20 pertsonako taldeak osatuko dira. Izena emateko epea zabalik dago Galdakaoko Udaleko Gazteria sailean, mgarrido@galdakao.eus helbide elektronikoan, edo 944 010 528 telefonoan.