Sestaoko Udalak Las Llanas ikastetxe zaharraren zati bat birgaitzeko obrak hasi ditu, eraikin horretan Sestaoko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxe berria instalatzeko. Dena ondo bidean, datorren urtetik aurrera soldadura, sukaldaritza eta otordu-zerbitzuak eta ile-apainketa eta estetika zikloak emango dira udalerriko puntu horretan, 1,8 milioi euroko inbertsioarekin egokituko diren instalazio modernoetan.
Oinarrizko Lanbide Heziketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortu ez duten gazteei zuzendutako hezkuntza-zerbitzua da. Horren bidez, arlo pertsonalean eta profesionalean garatzen lagunduko dien lanbide bat ikasteko aukera dute, zikloa amaitzean lan-merkatuan titulu ofizial batekin sartu ahal izateko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari berriro ekiteko edo erdi-mailako heziketa-ziklo bat ikasten jarraitzeko.
Oinarrizko Lanbide Heziketak urte asko zeramatzan instalatuta Rebonza ikastetxe zaharrean. Hala ere, eraikin hori adineko pertsonentzako egoitza bat eta zentro soziosanitario bat eraikitzeko laster eraitsiko denez, hezkuntza-komunitateak azken urteotan egoitza izan duena utzi behar izan du, eta egun Bilbo eta Leioa artean banatuta dago. Ikasgai horiek emateko etorkizuneko zentroak Las Llanas ikastetxe zaharraren erdia hartuko du. Udalak Construcciones y Reformas Andrasa enpresari esleitu dio espazio hori birgaitzeko lana, 1,8 milioi euroko aurrekontu ekonomikoarekin eta 48 asteko egikaritze-epearekin; beraz, lanek urtebete iraungo dute.
Proiektuak ikasgelak barrutik egokitzea, fatxada konpontzea eta, eraikinaren irisgarritasuna bermatuko duen igogailu bat jartzea aurreikusten du. Gainera, lanek barne hartuko dute ur bero sanitariorako, eta hozte eta berokuntzarako aerotermia-sistema bat instalatzea, bai eta AFISES, LORTZEN eta etorkizuneko Oinarrizko Lanbide Heziketarako sarbide independente estali batzuk sortzea ere.
Sestaoko Udalaren izenean Ainhoa Basabe alkateak hezkuntza-zerbitzu horren garrantzia nabarmendu du, baita instalazio berri horiei esker espero izatekoa den haren hobekuntza ere: "Oinarrizko Lanbide Heziketak 55 ikasle ditu ikasturte honetan. Beraz, Sestaon beharrezko zerbitzua dela uste dugu. Beharrezkoa da ikasketak goiz utzi dituzten eta etorkizun bermatua lortzeko laguntza behar duten neska-mutil horiei bultzada eta laguntza emateko. Horregatik, gure udalerrian Oinarrizko Lanbide Heziketari jarraipena ematearen aldeko apustua egiten dugu, eta, une honetan, eta salbuespen gisa, aldi baterako kanpoan egon arren, aspalditik ari gara lanean laster Sestaora itzul daitezen lortzeko".
Gobernu Taldeak agintaldiko planean jasotako 120 konpromisoetako bat da Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxea espazio modernoago batera lekualdatzea.
Ainhoa Basabek bide batez eskerrak eman dizkie irakasle eta ikasleei, Bilbora eta Leiora aldi batez joan beharraren aurrean izan duten pazientziagatik. Era berean, eskerrak eman dizkie
AFISES elkarteari eta LORTZEN errehabilitazio-zerbitzuari, obrek iraungo duten urtean zehar beste lokal batzuetan aldi baterako birkokatzeak ekarriko dizkien eragozpenen aurrean izan duten jarreragatik.