Erromintxela. Senderos y raíces dokumentalaren proiekzioa izango da datorren ostiralean, urtarrilak 24, Muxikebarrin, Udalak eta UN Etxeak antolatuta. Ainhoa Zamanillo eta Marta Las Heras sortzaileek Eman Minutu 1 HITZen alde lehiaketaren XIII. edizioa (hizkuntza eskubideei buruzkoa) irabazi ondoren egin zuten lana, aipatutako elkarteak, Udalaren laguntzarekin, antolatuta.
“Eman minutu 1 lehiaketak eraldaketa soziala bultzatzeko duen eragina nabarmendu nahi dugu. Lehiaketa horren bidez, giza eskubideen inguruan kontzientzia sortzeko gaitasunagatik nabarmentzen diren proiektuei, esate baterako 'Erromintxela. Senderos y raices' izeneko dokumentalaren kasuari ikusgarritasuna emateko plataforma bat eskaintzen da. Ildo horretan, garrantzitsua da inspiratzen eta eraldatzen dituzten istorioak ikusarazteko lan egiten duten sortzaileei laguntzea”, nabarmendu du Carmen Díaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Dokumentala Ekialdeko Europa Otomandar Inperioaren aurrean XIV. mendearen amaieran erori ondorengo ijito herriaren bidaian murgiltzen da. Kontinente osoan sakabanatzen hasi zen, eta besteak beste XV. mendean iritsi zen Euskal Herrira. Bere egonaldian, komunitate horrek euskararen eta romanóaren baldintza lexiko-gramatikaletara egokitu zen eta horren ondorioz erromintxela sortu zen, bi herrien arteko aberastasun kulturala islatzen duen mintzaira. Bilakaera horri esker, ijito-erromintxelek nortasun paregabea garatu dute, egokitzeko eta erresistentziarako gaitasun nabarmen sinbolizatzen duena. Hala ere, zoritxarrez ez da, gaur egun erromintxelako hiztunen ia arrastorik geratzen.
Doako sarrerarekin (aurretiko inskripzioarekin: https://labur.eus/h6eu5), 19:00etan hasiko den dokumentalaren proiekzioaren ondoren, Ainhoa Zamanillo zuzendariarekin solasaldia izango da, eta Eman Minutu 1 - BAKEA, bakerako giza eskubideari eta bake kulturari buruzko lehiaketaren edizio berria aurkeztuko dute.