Abadiñoko Udalak Zelaietan, Trinketearen atzeko landan egingo dituen ortu publikoen instalakuntza eta hornidura egiteko lehiaketa zabaldu du. Kontratuaren helburua da Abadiñoko herritarrei jakiak modu ekologikoan modu seguruan eta komunitatean landatzeko gune bat eskaintzea. Proiektatutako baratzeek lan hori egiteko zerbitzu guztiak izango dituzte: ura, lurra, materia konpostagarria eta beharrezko tresnak gordetzeko lekua. Interesdunek urtarrilaren 20ra arte izango dute proiektuak aurkezteko epea zabalik. Informazio osoa hemen izango dute eskuragarri: https://labur.eus/TGQ9a
Joan zen urriko Osoko Bilkuran onartu zen bezala, 50 metro karratuko 66 partzela sortzeko lanak egingo dira. Denera, 71.693,65€ (BEZ barne) bideratuko ditu udalak lan horietara, eta kontratua esleitzen denetik 9 aste izango ditu enpresak lanak gauzatzeko. Udalak lanak udaberrian gauzatzea aurreikusten du. Herritarrek partzeletarako izena emateko epea otsailean zehar zabalduko da.
BiziPark Abadiñoren inaugurazioa
Bestalde, Abadiñok mugikortasun iraunkorra eta eraginkorra bultzatzen jarraitzen du, BiziPark instalakuntzaren inaugurazioarekin. Azpiegitura berri horrek bizikletaren erabilera errazten du garraio pribatuaren alternatiba seguru eta eraginkor gisa.
Traña-Abadiñoko Euskotren geltokiaren eta Haurreskolaren ondoan dago, Trañaetxoste kaleko 11. zenbakian.
Proiektu horrek 60.000 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiarengandik, eta, horrela, udalak berretsi du ingurumenarekin lotuago eta errespetatuago egongo den lurralde bat sortzeko konpromisoa.