Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Landako orubea bisitatu dute ostegun honetan. Bertan, Kirol Irakaskuntzen Zentro berriaren instalazioak egongo dira. Kirolene Bizkaiko Durango herrian mantenduko da, eta haren diseinuak aurrera egingo du lursaila laga ondoren, azpiegiturak izan behar dituen ezaugarri nagusiak zehaztuta.

Kirolene Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren prestakuntza-zentro publiko bakarra da, eta araubide bereziko erdi-mailako eta goi-mailako kirol-irakaskuntzak ematen ditu. Ikastetxea 2009an sortu zen, ordura arte hezkuntza-sistematik kanpo zeuden prestakuntza batzuei balio akademikoa eta profesionala emateko. Orduz geroztik, eta pixkanaka, ikastetxeak kirol-modalitate eta espezialitate berriak txertatu ditu, zentroaren prestakuntza-planaren egungo konfiguraziora iritsi arte.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Kiroleneren garrantzia azpimarratu du, kirol irakaskuntzetan erreferentzia baita Euskadin. “Herrialde honetako hezkuntza-eskaintzaren parte da, eta maila garrantzitsua da kirolean, praktikan edo irakaskuntzan aritu nahi duten pertsonek aukeratutako bizi-proiektura egokitutako ibilbidea izan dezaten”. Pedrosak azaldu duenez, gaur egun 561 ikasle ari dira ikastetxean ikasten, eta oraindik ez da espezialitate guztietan matrikula ireki; beraz, matrikula gehiago erregistratuko dira datozen hilabeteetan.

Bestalde, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Kirolene udalerrian egoteak duen garrantzi estrategikoa azpimarratu du. “Albiste bikaina da Durangorentzat, kirolarekin eta hezkuntzarekin dugun konpromisoa indartzen baitu, gure gizartearen etorkizuna eraikitzeko funtsezko zutabeak baitira”.

“Kiroleneren presentziak erreferente gisa kokatzen gaitu etorkizuneko kirolarien eta teknikarien prestakuntzan, lehen mailako instalazioak eta baliabideak eskainiz hazkunde pertsonal eta profesionalerako diseinatutako ingurune batean. Gure neska-mutilen kirolaren esparruko erreferenteak sortzeaz gain, Durango eta Euskadiren etorkizuna dira” aipatu du Elkoroiribek. Era berean, nabarmendu du proiektu honek tokiko garapena bultzatzen duela, lurraldeko hezkuntza- eta kirol-jarduera dinamizatzeko duen gaitasunagatik.

Lurraren lagapena, apirilean 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Tabiran Kirolenerentzat eskainitakoa baino lursail handiagoa eskatu zion abenduan Udalari. Horregatik, beste aukera bat bilatu da. Duela gutxi urbanizatu den eta 3.484 m² inguru dituen Landakoko lursaila (UE-16 Arripausueta) ekipamendurako da. Horregatik, partzela hori Landakon erabiltzea erabaki da, behar hori asetzeko, kokapena eta tamaina egokiak direlako eta, gainera, inguruan instalazio gehiago dituen kirol-ingurune batean dagoelako.

Lurra Eusko Jaurlaritzari lagatzeko hitzarmena aurtengo apirilean formalizatuko da. Mireia Elkoroiribe alkateak azaldu duenez, Udala lankidetza estuan ari gara Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, lagapena eta obren hasiera modu arin eta koordinatuan egiten direla bermatzeko.

Zabalarra handitzea eta hobekuntzak institutuan

Hezkuntza sailburuaren eta Durangoko alkatearen arteko topaketak Zabalarra Eskolaren zabalkundeari buruzko informazioa kontrastatzeko ere balio izan du. 1,2 milioi euroko aurrekontuarekin egiten ari den handitzearen ondorioz, sukalde-jantoki bat eraikiko da, eta aurtengo irailean jarriko da martxan.

Era berean, Hezkuntza Sailak laster lizitatuko du Fray Juan de Zumarraga Bigarren Hezkuntzako Institutuko frontoia handitzeko eta estaltzeko proiektua. Jarduerak irisgarritasun-hobekuntzak eta harmailak kentzea batzen ditu, eta 1,2 milioi euroko inbertsioa ekarriko du. Halaber, Hezkuntza Sailak bere obra-planean jasota dauka institutu bereko ekitaldi-aretoa birgaitzea ere.