Aste honetan hasi da Galdakaoko zuhaitzak hobetzeko Planaren hirugarren fasea. Zehazki, kaltetutako edo gaixotutako zuhaitzen ordez zuhaitz berriak jarriko dira, espazio publikoak egoera onean mantentzeko asmoz. Lanek 6 hilabete inguruko iraupena izango dute eta Bizkai eta Juan Bautista Uriarte kaleetan hasiko dira.
Bi kale hauek herriko luzeenetarikoak dira, baita zuhaitz gehienak dituztenetarikoak ere, beraz, etapa ezberdinetan jardutea erabaki zen herriko landareria suspertzeko plangintza egin zenean. Zehazki, Bizkai kalean jarraipena emango zaie duela bi negu hasitako ordezkapenei. Juan Bautista Uriarteren kasuan, berriz, zuhaitz berriak landatuko dira, batez ere kalearen hegoaldeko espaloian. Kale horretan, aurreko faseetan landatutako zuhaitz berriak berrantolatu eta hobetuko dira, eta aurreko zereginetan landatutakoak haztea zailtzen duten zuhaitzak kenduko dira. Azkenik, 32 zuhaitz gehiago landatuko dira, erresistentziagatik eta ezaugarri apaingarriengatik hautatu direnak.
Era berean, udalerriko hainbat lekutan zuhaitzak berrituko dira, bandalismoagatik, istripuengatik edo bestelako arrazoirengatik antzemandako falten ondorioz:
- Gandasegin, Plaza Gorrian eta Simon Linazan 17 ale gehituko dira
- Juan Sebastian Elkanon sei ale berri landatuko dira
- Iturrondon lau zuhaitz berri landatuko dira
- Ganguren, Sixta Barrenetxea, Gernika eta Aranzelai kaleko 5-7 zenbakietan beste hiruna ale gehituko dira
- Zuhatzun, Ardanza parkean eta San Inazion bina zuhaitz berri gehituko dira
- Muguru kalean, Udal Igerilekuetan, Elexalden eta Lapurdin ale bana bat landatuko da
- Urretan zuhaitz bat ordeztuko da
Ekintza hauek barne hartzen dute landutako eremuetan hondatuta dauden zuhaitzak kentzea.
Jarduketa gehigarriak
Zereginen artean berdeguneak eta ureztatze sistemak mantentzearekin eta hobetzearekin lotutako lanak eta hornidurak ere badaude. Besteak beste, ureztatze sistema automatizatuak konponduko dira, funtzionatzeko beharrezkoak diren osagaiak barne.
Herriko hainbat eremutan zuhaitzak eta landare apaingarriak ere landatuko dira, espezie egokiak hautatuz eta ingurunera behar bezala egokitzen direla bermatuz. Azkenik, sasoiko lore bizien ekarpenak egingo dira eta zotalak jarriko dira eremu espezifikoetan, espazio publikoak edertu eta egoera onean mantentzeko asmoz.
Udala etengabe ari da lan horiek egiten 2022 urtetik, udalerriko zuhaitz eta landare guztien egoeraren azterketa orokorra egin zuenetik. Analisiak ondorioztatu zuen zuhaitz asko hilda edo gaixorik zeudela, eta, beraz, Udalak modu ordenatuan antolatu zuen haien ordezkapena.
Hirugarren fase honetako jarduketen zenbateko osoa 49.465,83 eurokoa da (BEZa barne).