Euskaraldia euskararen aldeko hizkuntza ohiturak aldatzea eta bere erabilerarako zailtasunak konponduko dituzten neurriak hartzea bultzatzen duen ariketa soziala da. Aurten izango da ekimenaren laugarren edizioa, maiatzaren 15etik 25 era bitarte. Hori dela eta, Galdakaoko Udala eta herriko euskalgintza eragileak elkarlanean ariko dira Euskaraldiaren prestaketa lanetan. Horretarako lehen bilera antolatu dute, urtarrilaren 22an izango dena, asteazkena, arratsaldeko 18:00etan, udaletxeko bilkura aretoan.
Bertan, Euskaraldia koordinatzeko talde motorra martxan jarriko da eta bigarren erronka lortzeko oinarriak jarriko dira: maiatzeko ariketan lortutako aurrerapena egunerokoan mantentzea. Horretarako, ohikoa den elkarlan handiaz gain, herritarren inplikazioa funtsezkoa da. Hori dela eta, Udalak eta herriko euskalgintza eragileek deia egiten diete herriko talde eta eragile zein norbanakoei lehen bilera honetan parte hartzera.
Ildo honetan, hizkuntza dakitenek Euskaraldiaz gain egunero euskara erabiltzera ohitzeko arduren eta egitekoen ariketa sozialaren inguruko garrantzia azpimarratu dute. Hori lortzeko, bilera horietatik kanpo ere zer egina dagoela gogorarazi dute, ahaztu gabe ariketa nagusia norbere hizkuntza ohiturak errepasatzea eta berritzea dela.
Hori dena guztiz bat dator Udalak euskararen sustapenaren inguruan dituen helburuekin: duela gutxi Udalean Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Plana onartu zuen eta udalerrian Euskara Sustatzeko Plan berria sortzeko bidean ari da. Beraz, ildo honetan, hizkuntza dakitenek Euskaraldiaz gain egunero euskara erabiltzera ohitzeko arduren eta egitekoen ariketa sozialaren inguruko garrantzia azpimarratzen dute Udalak eta herriko euskalgintza eragileek.