Eskualdeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna gazteen artean bultzatzeko helburuarekin sortu zuen Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariketa. 2022an egin zuen lehenengoz eta orain, laugarren deialdia abian jarri du.
Durangaldeko Mankomunitarearen babesarekin, egitasmo honek euskarazko ikerketa eta dibulgazio lanak sustatu eta ezagutzera emango ditu. Aurtengo xehetasunei dagokionez, deialdi berrian kategoria bakarra izango da eta horrela, 35 urtera arteko gazteek parte hartu ahalko dute. “Sari bakarra izango da, 1.500 eurokoa. Gainera, Astola aldizkarian ikerketa lanaren laburpena argitaratzeko aukera emango zaio irabazleari”, aurreratu dute Gerediaga Elkartetik.
Ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar da. Beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke. Hala nola, historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika... “Lana euskara hutsean aurkeztu behar da, jatorrizko lana eta lau formatutan aurkeztu ahal izango da: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcast-a”, gehitu dute lehiaketaren sustatzaileek.
Aurreko deialdietako lan irabazleei erreparatuta, lehenengo edizioan, gazteenen kategorian ikus-entzunezko bi saritu ziren. Batetik, Peio Martin Estevez (Zornotza) Elkarrizketa amamarekin eta bestetik, Ibone Gomez zaldibartarraren Euskal bidaiariak. Bestalde, Nagusien kategorian, Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaera aztertzen duen idatzizko ikerketa-lana izan zen irabazle eta egilea Adrian Burgada durangarra izan zen.
Bigarren edizioan, lan bik jaso zuten saria. Gazteenen kategorian Jokin Camarerok (Durango) idatzitako Durangadeko Mitologia lana eta 19 urtetik gorakoen kategorian, Otxandion izan zen Garavilla S. A. arrain kontserba fabrikari buruzko ikerlana, Xixili Bengoetxea otxandiarrak idatzita.
Iazko hirugarren edizioan, lan bakarrak jaso zuen saria. Hain zuzen ere, Marta Calvo durangarrak eskuratu zituen lehiaketaren 1.500 euroak, Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegia frankismoaren ongintza sistemaren hastapenetan ikerketarekin. Epaimahaiak “gaiaren originaltasuna, egindako ikerketa lana eta iturri anitzen erabilera” azpimarratu zuen. Barnetegia, hamar bat urte egon zen zabalik gaur egun Zelaietako hotela modura ezagutzen den eraikinean, eta 3 eta 7 urteko 65 bat ume egon ziren bertan aldi berean. Sección Femenina-ko emakumeak arduratzen ziren zaintzaz eliza katolikoaren aholkuei jarraituta.
EPEAK
Deialdi berriari buruzko oinarriak Gerediaga Elkartearen webgunean daude kontsultarako eta deskargatzeko moduan.
Parte hartzaileei begira, bakarkako lana edo talde lana izan daiteke, baina eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintza izango da, eta talde lana bada, taldeko kide batek gutxienez bete beharko du baldintza.
Ekainaren 15era arte egongo da lanak aurkezteko epea eta elkarteko gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora bidali beharko dira.
Laburrean
- Ikerlari Gazteen Saria. Durangaldeko ikerlari gazteentzat deialdi berria zabaldu du Gerediaga Elkarteak. Eskualdeko gazteen artean Durangaldeko ondarea, historia eta kultura ikertzeko zaletasuna bultzatzeko helburua du egitasmoak.
- 1.500 euroko saria. Kategoria eta sari bakarra izango dira laugarren edizioan. 35 urte arteko gazteek aurkeztu ahalko dute eta 1.500 euroko saria banatuko da.
- Ekainak 15. Lana euskara hutsean aurkeztu behar da eta ekainaren 15era arte egin ahal izango da. Formatuari dagokionez, artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcast-a izan daiteke.