Sestao Futbol Aretoak ADEMBI Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen aldeko ongintzazko txapelketa bat antolatuko du larunbatean, urtarrilak 4.
Goizean, 09;00etatik 14:00etara, La Benedicta kiroldegian bost kategoriatako eskolarteko txapelketa bat egingo da eta, bertan, lau talde arituko dira kategoria bakoitzeko. Partidek 20 minutuko iraupena izango dute eta guztira lau partida jokatuko dira maila eta ordu bakoitzeko.
Arratsaldean, 16:00etatik 21:00etara, senior txapelketa jokatuko da Las Llanas Kiroldegian. Bertan parte hartuko duten Sestao Areto Futbolak, Santurtzi Areto Futbolak, Mamarigako Areto Futbolak eta Kukuiaga Etxebarri taldeek 25 minutuko partidak jokatuko dituzte, erlojua geldituz.
Goizeko eta arratsaldeko partidetarako sarrerek bi euro balio izango dute, eta handik bildutako dirua, Sestaoko eta inguruko enpresek emandako artikuluekin egingo den zozketan jasotakoarekin batera, ADEMBIri emango zaio.
Aurtengo honekin, Sestao Futbol Salak bigarren aldiz antolatu du Ongintzako txapelketa hau, kirolaren balio positiboak sustatu eta, aldi berean, gertuko irabazi-asmorik gabeko erakunde bati laguntzeko asmoz.
Udalak lau foku gehiago ipiniko ditu Las Llanasen
Bestalde, Gabonetako jai-egunak amaituta, Sestaoko Udalak Las Llanas futbol-zelaian argiztapena indartzeko lanei ekin die.
Lan horien bidez, lau argi-dorreetan foku bana instalatu eta egun erreta dagoen foku bat konponduko dira.
Jarduketa horri esker, Espainiako Futbol Federazioak Lehen Federazioko partidetarako eskatutako lumen kopurura iritsi ahal izango da, kategoria horretan baitago egun Sestao River. Aparteko argi-ekarpen hori batez ere partidak telebistan ematen direnean nabarituko da.
Hori aprobetxatuz, Udalak lan bertikaletan espezializatutako enpresa baten zerbitzuak kontratatu ditu, herdoiltzea dela-eta egoera txarrean dauden argiztapen-dorreetako zenbait maila soldatzeko eta berriz margotzeko.
Izan ere, enpresa hori da lanean hasi den lehena, ondoren foku berriak instalatuko dituen konpainiari dena prest uzteko.
Lan horiek guztiak datozen bi asteetan eginda egotea aurreikusten da.