Síguenos en redes sociales:

Mungiak Errosko Solidarioaren Jaia ospatuko du urtarrilaren 5ean

Mungiako Udalak Errosko Solidarioaren Jaia ekimen solidarioaren hemeretzigarren edizioa ospatuko du berriz ere. Ekimen horren helburua egoera txarragoan dauden pertsonei edo kolektiboei laguntza desinteresatua ematera bideratutako erakunde, proiektu edo kausen onura da. Horrela, datorren urtarrilaren 5ean, 17:00etatik aurrera, errosko zatiak banatuko dira Andra Marin txokolate beroarekin, euro bateko prezioan. Nabarmendu behar da ekimen honen bidez lortzen diren dohaintza guztiak Valentzian DANAk eragindako pertsonentzat izango direla.

Hondamendi horren dimentsioak giza galeretan izan du adierazgarririk handiena, baina ondorio sozial eta ekonomikoak ere izugarriak dira. Etxebizitzak, dendak, industriak, ibilgailuak, laboreak galdu dira, baina baita azpiegitura publikoak ere (errepideak, trenbideak, ikastetxeak eta osasun-zentroak, azpiegitura hidraulikoak eta elektrikoak, etab.), eta horiek suntsitzeak ehunka mila bizitzaren eta Valentziako ekonomiaren funtzionamendu normala geldiarazten du. Horregatik, aurten bildutako dirua hondamendi horrek kaltetutako pertsonei babesa eta laguntza ematen jarraitzen duten erakundeetara bideratuko da.

Mungiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi Bakarne Egiak adierazi duenez, "badakigu Valentziako hondamendiaren ondorioek ez dutela epe laburrean bakarrik eragingo; horregatik, Mungiako Udalak laguntzen jarraitu nahi du, eta horretan jarraituko dugu; izan ere, Mungia herri solidarioa da, eta horrelako egoeretan laguntza ematen duten herritarrak ditu". Urtero bezala, Mungiako herritarrek ekimen solidario honen bidez egiten duten dohaintzaz gain, Udalak bikoiztu egingo du erroskoi eta txokolatearen banaketan lortzen den kopurua.

60 metro luzeko erroskoa

Banatuko den erroskoa Mungiako hainbat okindegi/gozotegik egiten dute, Udalaren enkarguz, eta 60 metro luzeko erroskoa da; 90 kilo irin, 360 arrautza, 30 kilo gurin, 6 kilo legamia eta 18 kilo azukre behar dira, besteak beste.

Bestalde, Txulalai taldeak Txiki Festa ikuskizuna eskainiko du. Gainera, pertsona ezagunak ere izango dira, erroskoa bertaratzen direnen artean banatzen laguntzeko.