Barakaldo eta Mari Domingi astelehenean iritsiko dira Barakaldora
Barakaldoko umeek datorren astelehenean, abenduaren 23an, agurtu ahal izango dituzte Olentzero eta Mari Domingi. Udalak prestatutako ekitaldia Karpa Magikoan egingo da, eta bertan haurrek euren gutunak eman ahal izango dizkiete.
Abenduaren 23ko arratsaldean Herriko Plaza txikienentzako jarduera eta tailerrez beteko da 17:00etatik aurrera. Handik gutxira, 17:45ak aldera, Olentzero eta Mari Domingi Herriko Plazan izango dira, Karpa Magikora hurbiltzen diren bitartean jardueretan ari direnak agurtzeko. 18:00etan, Karpa Magikoa jendearentzat irekiko da, Olentzeroren etorrera ikustera sartu nahi duten herritarrak erreserbarik gabe sartu ahal izango dira. Hurbiltzen direnek, kartak eman eta Olentzero eta Mari Domingiri karpa magikora laguntzen dieten galtzagorriek eta lagun magikoek urtero eskaintzen duten ikuskizunaz, gozatu ahal izango dute.
Amaia del Campo alkateak eta udalbatzak Karpa Magikoko agertokian egingo diete harrera pertsonaiei. Bertan, hiriko desioen gutuna emango diote eta gabon kantak abestuko dituzte.
Olentzeroren kalejira, abenduaren 24an 18:00etatik aurrera
Abenduaren 24ko goizean ere doako tailerrak izango dira Herriko Plazan: eskulanak, egurrezko jolasak, puzgarriak... 10:00etatik aurrera izango dira martxan. Tradizioak agintzen duen bezala, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira 18:00etan hasiko da San Bizente elizan. Aurten, Foruen pasealekuan egiten ari diren oinezkoentzako obrak direla eta, kalejirak ibilbide desberdina izango du: Elizateko plaza - Eguzkiaguirre - Gernikako Arbola - Landaburu -Arrandi - Nafarroa- Foruen pasealekua - Herriko plaza. 19:00etan, gutxi gorabehera, Herriko Plazara iritsiko gara, eta puzgarriak, haurrentzako berbena eta txokolatea eta gaztainak banatuko ditugu, doan.
Olentzeroren zozketa
Olentzero eta Mari Domingi hirian ikusteko bi aukera horiez gain, Udalak bi pertsonaiekin argazki bat egiteko aukera eman du. Tradizio hori urteak daramatza egiten, baina iaztik aurrera hazten joan da parte hartzen duten haurren kopuruari dagokionez, batez ere Olentzero eta Mari Domingiren etorrera egun bat aurreratzeari esker.
Joan den abenduaren 11tik zabalik egon da jarduera honetara sartzeko aukera ematen duten paseen zozketan izena emateko epea, eta gaur goizean bertan, Olentzerori opariak banatzen laguntzen dioten galtzagorrietako batek zozketa aktibatu duen botoia sakatu du.
Emaitzak gaur, abenduak 18, asteazkena, 13:00etatik aurrera kontsultatu ahal izango dira webgunean. Gainera, sarrera bat lortu duten familiek mezu elektroniko bat jasoko dute pasahitz batekin. Garrantzitsua da Spam berrikustea, askotan mota horretako emailak erretilu horretara iristen baitira. Pasahitz horrekin, familiak abenduaren 20ko (ostirala) 10:00etatik abenduaren 21eko (larunbata) 22:00etara sartu ahal izango dira plataforma berean, eskuragarri egongo diren bisita-txandetako bat aukeratzeko. Sartzen diren lehen pertsonek eguna eta ordutegia aukeratzeko aukera gehiago izango dituzte, baina zozketan hautatutako pertsona guztiek txanda bat izango dute ziurtatuta.
Txanda aukeratu ondoren, berehala bidaliko da behin betiko gonbidapena e-mailera, karpa magikora sartu ahal izateko. Gonbidapen bakoitzak karpara lau adingabe sartzea baimentzen du; beraz, anai-arrebekin, lehengusu-lehengusinekin eta lagunekin joan daiteke.