Barakaldoko Udalak 600.000 euroko gehienezko aurrekontua bideratuko du La Siebeko pilotalekua estaltzeko, Gurutzeta auzoko bizilagunen eskariak kontuan hartuz. Proiektua kontratatuta dago dagoeneko.
La Siebeko frontoian estalki bat sortzea Amaia del Campo alkatearen taldeak Beti Barakaldo! gobernu programan hartutako konpromisoetako bat da. Zehazki, 371,59 metro karratu kirol-espazio estaliko dira, inguruko etxebizitzei ahalik eta ikus-inpaktu txikiena eragingo dien diseinuarekin. Irtenbidea bi isurkiko estalkia da, oinplano angeluzuzenekoa, 12,10 metroko zabalerakoa eta 30,71 metroko luzerakoa, zeharkako profila mantentzen duena, asimetrikoa, ezkerreko hormaren aldeko isurialdearekin, altuagoa eta estuagoa. Estalkiaren eta itxitura bertikalaren egitura zeharkako 4 arkupek osatzen dute. Eta estalkia bera oihal opaku eta zeharrargitsuz osatuta egongo da.
Estalkiaz gain, frontoia bera berritzea ere aurreikusten da proiektuan, egiturazko patologia puntualak baititu.
"Auzokoentzako topalekua da, pilotalekua, saski-naski gunea, skate gunea... Estalki bat jartzean lortu nahi dugun helburua auzoan zerbitzu berri bat sortzea da, ez bakarrik kirola egiteko orduan, baita jolasteko orduan ere, baita euri-egunetan babesa emango duten kultura- eta aisialdi-jarduerak antolatzeko orduan ere. Azken finean, kalean gozatzeko auzoaren aukerak zabaltzea da ", adierazi du Jon Andoni Uria Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.
Une honetan, kontratazioan dago proiektua. Eskaintzak jasotzeko epea amaitu eta kontratua sinatzen denean, obrak, gutxienez, 6 hilabeteko egikaritze-epea izango du. Obrak datorren urteko lehen hiruhilekoan has daitezke.